Igarotako bidearen kronologia bat

Gabonetako argiak jartzerakoan argindarraren prezioaren igoera kontuan hartu ez izana salatu du EH Bilduk

gabonetako-argiak Gabonetako argiak, Frantzia pasealekuaren inguruan. (Argazkia: Donostia Sustapena)

EH Bilduren ustez, “ulergaitza” da Donostiako Udal Gobernuak “elektrizitatearen prezioaren krisiaren erdian” eta “larrialdi klimatikoan” Gabonetako argietan 2019an baino –pandemia aurreko urtean– %4 gehiago gastatu izana. Izan ere, 410.000 euro gastatu ditu udalak aurtengo Gabonetako argiterian; iaz, pandemia dela eta, ia erdia gastatu zuen (240.000 euro inguru), eta 2019an, pandemia aurreko urtean, aurten baino %4 gutxiago. “Hala ere, aurten elektrizitatearen prezioa izugarri igo da, eta oraindik ez dakigu zenbat garestituko den udalak ordaindu behar duen argiaren faktura. Izan ere, gaur bertan, elektrizitatearen prezioak errekor berri bat gainditu du, enegarrena, eta lehen aldiz 300 euro/Mwh gainditu du. Urtarrilaren 1ean, prezioa 42,51 euro/Mwh zen. Hau da, elektrizitatearen kostua aurreko Gabonetakoa baino 7 aldiz handiagoa da aurten”, gaineratu du EH Bilduk.

Oposizioko taldeak abenduko udal batzordeetan galdetu zion udal gobernuari eta “Gabonetako argiak 42 egunez piztuta edukitzeak” sortuko zituen gastuen inguruan zer aurreikuspen zuten. EH Bilduk azaldu duenez, “udal gobernuak uko egin zion galdera hori erantzuteari, eta Donostiako Sustapena elkarteak gaur, abenduak 16, egin behar omen zen bilera batean galdetzeko” esan zieten, baina bilera hori ez da egin, eta urtarrilera atzeratu da, koalizio ezkertiarraren arabera. “Badirudi udal gobernuak ez diela donostiarrei energia gastuari buruzko informazio zehatzik eman nahi”, salatu dute.

“Donostian ez dago ia familiarik bere energia kontsumoa argiaren fakturaren neurrigabeko igoerara egokitu behar izan ez duenik. Aldiz, Donostiako Udal Gobernuak, aurtengo Gabonetako argiteria diseinatzerakoan, ez du kontuan hartu prezioen igoera hori, eta are okerragoena dena, %4 gehiago gastatzea erabaki du”, kritikatu du EH Bilduk.

Larrialdi klimatikoa

Arazoa kontu ekonomikoetatik harago doala nabarmendu du EH Bilduk: “Larrialdi klimatikoan gaude, eta inoiz baino beharrezkoagoa da energia arduraz erabiltzea. Zentzu horretan, Eneko Goiak Gabonetako argien gastua %4 handitzeko erabakia ulergaitza da. Are gehiago, Donostiak 2020ko martxoan larrialdi klimatikoaren egoera deklaratu zuenean”. Era berean, udal gobernuaren “konpromiso falta” salatu dute: “Eneko Goiak hartu duen erabaki hori, berriz ere, Donostiako Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenean hartutako konpromisoen aurkakoa da. Donostiako hainbat eragilek salatu dutenez, udalak eta gainerako erakundeak besteentzako eredu izan beharko lirateke klima aldaketaren aurkako borrokan”.

HITZAkide HITZAkide