Igarotako bidearen kronologia bat

Jesus Maria Leizaolaren estatua Euskadi plazan jarriko dute

leizaola Juan Mari Leizaola lehendakariaren estatua Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan dago gaur egun. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Jesus Maria Leizaola lehendakariaren estatua Grosen egongo da aurrerantzean, Euskadi plazan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Batzordeak asteazkenean onartu zuen artelana Donostiako Udalari doan lagatzea, lehendakaria erbestetik itzuli zenetik 42 urte bete direnean. Estatua gorputz osokoa eta brontzezkoa da, eta aldundiak 2007an erosi zion egileari, Xebas Larrañaga Odriozolari. Hasieratik, Donostiako kaleren batean jartzea zen asmoa, baina, orain arte, aldundiaren jauregiko ohorezko patioan egon da.

Leizaola erbesteko azken lehendakaria izan zen, eta donostiarra zen. 1896ko irailaren 7an jaio zen, Donostian, eta Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian diputatua izan zen Espainiako Gorteetan, EAJrekin. Ondoren, Agirre lehendakariaren gobernuan zenbait kargu garrantzitsu izan zituen, eta 1960an, Agirre hil ostean, lehendakari kargua hartu zuen, erbestean. Franco hil ostean ere erbestean jarraitu zuen, Autonomia Estatutua onartu zuten arte. Orduan itzuli zen, 1979ko abenduaren 15ean, eta handik bi egunera utzi zion bere kargua Carlos Garaikoetxeari. 1980an, 83 urterekin, legebiltzarkide hautatu zuten, baina handik gutxira utzi zuen kargua. 1989ko martxoaren 16an zendu zen, Donostian, 92 urterekin.

HITZAkide HITZAkide