Igarotako bidearen kronologia bat

Kirol Txartelaren abonu berriak hilaren 20tik aurrera hasiko dira tramitatzen

Kiroltxartela Kirol Txartela.

Datorren astelehenetik aurrera, Kirol Txartelaren 2022ko abonuak tramitatu ahal izango dira www.donostiakirola.eus webgunean eta Donostia Kirolaren bulegoetan zein herritarrentzako arreta zerbitzua duten udal kiroldegietan.

2022an Kirol Txartelaren modalitate guztiak mantenduko dira (senideak, familia ugariak, guraso bakarrekoak, gazteak, desgaituak, 65 plus), Kirol Txartela Osoa abonua izan ezik, 2021ean sortua eta oso onarpen txikia izan duena. Bestalde, 2021ean sortutako beste bi abonu motek, eguerdikoak eta hilabetekoak, oso erantzun ona izan dute, bereziki hilekoak, 7.000 abonu inguru izapidetu baitira. Erabiltzaileen eskaerei erantzunez, 2022an beste abonu bat sortuko da: 16 urtetik beherakoentzat hilekoa, egungo helduentzako hileko bonuaren ezaugarri berberekin.

2022rako zerbitzuak eta berrikuntzak

Paco Yoldi udal kiroldegian eraikitzen ari den gimnasio berria 2022ko urtarrilean bukatuko dute. 600 metro koadroko azalera izango du eta azken belaunaldiko makina berriak izango ditu. Gainera, urteko lehen hiruhilekoan Altzako udal kiroldegi berria jarriko da martxan, igerilekuak eta 600 metro koadroko gimnasioa izango dituena.

Kirol espazio berri horiek 2021ean Loiolako Erriberan eta Zuhaiztiko kiroldegian martxan jarri zirenei gehituko zaizkie. Horrenbestez, gimnasioetarako azaleraren gehikuntza 5.200 metro koadroraino handituko da, 2020an baino 1.500 metro koadro gehiago, eta azalera horren ia erdia (2.500 metro koadro) makina berriekin hornituta egongo dira.

Jarduera horiekin, Kirol Txartelak hamazazpi kirol instalaziotarako sarbidea emango du 2022an, eta igerilekuak (zazpi kiroldegi igerilekuekin) eta gimnasioak (5.200 metro koadroko gimnasio hornituak) libreki erabiltzeko aukera emango du, oinarrizko entrenamendu pertsonalizatua, doako kirol jarduerak, %50eko deskontua Kirol Ekintzak Kanpainako ikastaroen prezioetan eta Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzuan sartzeko aukera. Halaber, hondartzetako kabinak erabiltzen jarraitu ahal izango dute neguko denboraldian, eta zozketa esklusiboetan parte hartu ahal izango dute, webguneko harpidedunaren gunean. Bestalde, 2022an ere sarrera kuota ordaintzetik salbuetsita egongo dira Kirol Txartela izapidetu nahi duten Altza auzoko bizilagunak.

Ordutegiak

Udal kirol instalazioek ordutegi zabalari eutsiko diote 2022ean, eta, beraz, batez beste 14 eta 15 ordu bitartean egongo dira irekita egunean, eta igerilekua duten zazpi kiroldegiak urte osoan egongo dira irekita (urtarrilaren 1ean, urtarrilaren 20an eta abenduaren 25ean izan ezik, eta derrigorrezko urteko itxiera egunetan). Gainera, Egia eta Gascako kiroldegien ordutegiak luzatuko dira udako denboraldian, bi instalazio horiek ez baitira itxiko eguerdian, aurreko urteetan bezala.

HITZAkide HITZAkide