"Ez da kasualitatea"
Argazkia: Joseba Parron Euskal Herriko negu hotz eta iluna arintzeko gure egutegia festaz betetzen genuela entzun nion behin bati. Ez da kasualitatea negua hasi bezain pronto festa segida hastea: San Tomas eguna, Gabonak, danborrada, kaldereroak, inauteriak… Horregatik, asko baserritar jantzia eta txistorra pintxoarekin amesten hasi ziren duela hiruzpalau aste. Aurten, San Tomas eguna behar bezala ospatuko zutelakoan zeuden, baita datozen festak ere. Hala eta guztiz ere, negu garaiak gogorra izaten jarraitzen du. Asteartean, bat baino gehiago aterako da kalera abarka eta guzti, akaso, garai arraro hauek normaltasun apur batez janzteko.

