Vicente Lertxundi Mayoz gogora ekarriko dute
Groseko anarkista 1962an hil zen Martuteneko kartzelan jasotako torturengatik. Familiak egia, justizia eta erreparazioa nahi du harentzat. Egiari Zor Fundazioarekin batera, Lertxundi omenduko dute hilaren 26an, Txomiñeneko Ibai parkean.

«Aitonaren anaia zen Vicente Lertxundi Mayoz. Itsasoan lan egiten zuen, eta ezkongabea zen. Pentsaera politikoari dagokionez, anarkista zen», gogoratu du Iñaki Revuelta Lertxundik. Izaera aldetik «nahiko zakarra» zela esan izan diote familiako beste kide batzuek, eta Lekeition gertaturiko pasarte bat nabarmendu du: «Establezimendu batera sartu eta euskaraz eskatu zuen zerbait. Horrek liskarra piztu zuen eta jipoitu egin zuten».
Frankismo garaiko poliziak hainbatetan atxilotu zuen Lertxundi, ekintza politikoak egotzita. 1962ko abenduan atzeman zuten azkeneko aldiz, eta jipoitu ostean Martuteneko kartzelan sartu zuten. «Grosen bizi zen familia, eta auzoan egindako pintaketa batzuengatik kalean jipoitu zuten poliziek. Gerora, atxilotu eta espetxean sartu zuten», esan du Revueltak. 1962ko abenduaren 27an aske utzi zuten, eta Txomineko baserri baten ondoan zendu zen. «Gizon batek erdi hilik topatu zuen kalean. ‘Erail naute, erail naute’ errepikatzen zion, eta gutxira lekuan bertan hil zen».
Bertsio ofiziala eta familiarena
Garaiko bertsio ofizialaren arabera, bihotzeko arazo batengatik espetxeko erizaindegira eraman zuten Lertxundi. Artatu ondoren, libre utzi zuten, gaitz hori sendatu zezan. Familiaren bertsioa, ordea, oso bestelakoa da. «Josu Lertxundik, nire osabak, Euskal Memoria Fundazioarekin hitz egin zuen, Vicenteri gertaturikoa kontatzeko. Torturatu ondoren, aske utzi zuten, kartzela barruan hil ez zedin. Kalean hiltzen utzi zuten, animalia bat balitz bezala», esan du Revueltak.
Egiari Zor Fundazioak bat egiten du familiaren bertsioarekin. «Pertsona bat bortizki jipoitu zuten kartzelan, eta han ez hiltzeko, kalera bota zuten ostiko bat emanez. Ezin ditugu horrelako gauzak pasatzen utzi. Ondo dokumentatu behar ditugu. Garai batean estatuak egin duen indarkeriaren erabilera baten testigantza argiak dira. Ezin ditugu ahaztu», nabarmendu du Egiari Zor Fundazioko Tasio Arrizabalagak. Hain zuzen ere, torturak jasandako euskal herritarren testigantzak jasotzen urteak daramatza fundazioak. «Torturak jasan dituzten askok ez dute dokumenturik. 90eko hamarkadan torturatu zituztenen paperik ez badago, pentsa 60ko hamarkadako tortura kasuenak».
Familiak eta Revueltak arantza bat kendu nahi dute. «Egia, justizia eta erreparazioa nahi dugu. Euskal Memoria Fundazioari eta Egiari Zor Fundazioari esker zauri bat ixtera goaz. Aitortza izango du Vicentek», adierazi du Revueltak.
Lertxundiren heriotza ez dago ofizialki dokumentatuta, estatuak eragindako eskubide urraketa gisa. Hori dela eta, Egiari Zor Fundazioak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Lertxundi biktima gisa aitortzeko. «Eskura ditugun testigantzak Jaurlaritzaren esku daude. Eskumen gehiago dituztenez, saiatu daitezela dokumentazio gehiago lortzen. Bi bertsio kontrajarri daude, eta, beraz, argitzeko dago Lertxundiren heriotza. Gure ustez, erregimen frankistaren biktima bat da, eta horrela aitortzeko eskatu dugu», azaldu du Arrizabalagak.
Ekitaldi xumea
Hilaren 26ko omenaldia 11:00etan egingo dute Txomineko Ibai parkean. Ekitaldia xumea izango dela aurreratu dute Revueltak eta Arrizabalagak. Elkarlanean antolatu dute Lertxundiren familiak eta Egiari Zor Fundazioak. «Lore eskaintza bat egingo dugu Txomineko Ibai parkean. Ondoren, Vicente Lertxundi nor zen eta zer gertatu zitzaion kontatuko dugu. Gogora ekarri nahi dugu. Familiak ere hitz egingo du», esan du Arrizabalagak. Donostiako Udala gonbidatu dute ekitaldira, eta ordezkariren bat han egotea gustatuko litzaioke familiari.
Datorren urtean 60 urte beteko dira Vicente Lertxundi hil zenetik, eta omenaldi are bereziago bat egitea gustatuko litzaioke Revueltari: «60. urteurrena izango denez, udalak Txominen oroigarri moduko bat jartzea nahi nuke. Uste dut Vicentek horrelako aitortza bat merezi duela. Askotariko indarkeriaren biktimak oroitzeko plakak jartzen ari da udala, eta oso errespetagarria iruditzen zait. Dena dela, ondo legoke beste biktima batzuk aitortzea eta beraien omenezko plakak jartzea».