Aldaketak hiriko mugikortasunean
30 kilometro orduko abiadura muga adierazten duten seinaleak jartzen ari dira hiriko sarbideetan. (Argazkia: Donostiako Udala) Donostiak bi aldaketa esanguratsu bizi izan ditu 2021ean: alde batetik, Donostia 30 Hiria izatera pasa zen maiatzean, eta, bestetik, Kontxa pasealekuan esku hartze handi bat abiatu zuten irailean.
30 Hiriaren neurriari dagokionez, udalak Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak 2020ko azaroaren 11n bultzatutako Errege Dekretuaren arauak betez ezarri zuen, eta orduko 10 eta 30 kilometro bitarteko abiadura muga ezarri zuen hiriko bide gehienetan –gero, aldaketa batzuk egin behar izan zituzten, besteak beste, abiadura mugak garraio publikoan sortu zituen arazo batzuengatik–.
Kontxako proiektuari dagokionez, hainbat esku hartze egiten ari dira, eta 2022ko ekainera arte iraungo dute lanek. Hori dela eta, gaur egun errei bana dago San Martin eta Zubieta kaleetan eta Kontxako pasealekuan. Kontxatik soilik garraiobide publikoak, taxiak, motoak eta larrialdietako ibilgailuak ibili ahal dira.
Aurrera begira, udalak Datorren Donostia plana aurkeztu zuen azaroan. Hiriko zirkulazioa «berrantolatzea» du xede, 2023rako erdiguneko emisioak murriztetik hasita.

