Auzoetako albiste nabarmenenak
(Arg: Joseba Parron San Sebastian) Hiriko auzo guztietan albiste garrantzitsuak izan dira aurten, onak zein txarrak, auzokideen ahotan egon direnak. Jarraian, horietako batzuk gogoratuko ditugu.
Segur aski, esanguratsuenetako bat Uliatik heldu da, Lore-Baratzak taldeak Europako New European Bauhaus saria irabazi baitzuen irailean, Ulia Garden proiektuarengatik. «Elkartzeko eta partekatzeko berrasmatutako» toki eredugarria dela nabarmendu zuen epaimahaiak.
Egian, etorkizuneko Donostiari begirako proba bat egin zuten apirilean: Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzako izan ziren bi astez, eta askotariko jarduera parte hartzaileak antolatu zituzten. Kale horietan aparkatu ohi zuten bizilagun askoren kexak jaso zituen egitasmoak, baina Egia Bizirik auzo elkarteak positiboki baloratu zuen probaldia. Eneko Goia alkateak ere ondo hitz egin zuen proiektuari buruz: «Zarataren gainetik aztertu behar da izan duen harrera. Normaltasun osoz onartu beharko genituzke halako egitasmoak».
Aieten, bi urte inguruko lanen ondoren, bizilagunek ho- rrenbeste urtez eskatu duten anbulatorioa ireki zuten urtarrilean, eta Lantxabe auzo elkartea pozik agertu zen emaitzarekin.
Azpiegiturekin jarraituz, Bidebietakoek auzoaren eskaera historiko baten aldeko kanpaina egiten pasa dute urtea: auzoan kultur etxe bat jartzearen aldekoa.
Altzan, bi izan dira urteko albiste esanguratsuenak: alde batetik, irailean Altzako azken udalbatza hautetsia omendu zuten, udaletxe zaharrean oroigarri bat jarrita. Bestetik, aurretik Loiolan garatutako Loiola Apain egitasmoaren eredua jarraituz, auzoa horma irudiz bete dute, Altza Apain egitasmoarekin.
Herreran, tren geltokia berritzeko lanekin dabiltza, eta zalaparta sortu da bi arrazoirengatik: alde batetik, geltokiko sarrerako armarri historikoa mantentzeko eskatu dutelako bizilagunek, eta, bestetik, hor dagoen haritza ez botatzeko eskatu dutelako.
Grosi dagokionez, Maria Inmaculada ikastetxearen itxiera da albiste esanguratsuenetako bat. Izan ere, langileek itxiera salatzeko mobilizazioak egin zituzten, eta, orain, lau izarreko hotel bat egingo dute han.

