Beste behin, ez-jaiak izan dira nagusi
Piratek egindako musika ekitaldia. Iaz gertatu zen moduan, aurten ere ezin izan dira Donostiako jaiak bere horretan ospatu, pandemia dela eta. Hain zuzen, urteko lehenengo festa handia, San Sebastian eguna, modu sinbolikoan ospatu zuten donostiarrek: ez zen Urrezko Danborrik izan, udalak streaming bidez eskaini zituen bandera igoera, haur danborrada eta bandera jaitsiera, eta herritarrek euren balkoietan jo behar izan zuten martxa. Urte hasierako beste festak ere, kaldereroak eta inauteriak, modu sinbolikoan ospatu ziren.
Era berean, Aste Nagusiaren ordez, udalak abuztu osorako kultur jarduerak antolatu zituen, 2020an egin zuen moduan. Donostiako Piratek, aldiz, pandemia egoerara egokitutako lau eguneko egitaraua antolatu zuten, eta abordatze sinboliko eta xumea egin zuten.
Auzoetako jai herrikoiei dagokienez, gehienek udalaren laguntza eta konfiantza falta salatu zuten, eta askok modu sinbolikoan ospatu zituzten jaiak. Beste askok, aldiz, 2022ra arte itxarotea erabaki zuten.

