Establezimendu ezagun zenbaiti agur
Azken urteetan, hiriak bizi duen bilakaera dela eta, saltoki txiki eta taberna historiko ugari itxi egin behar izan dituzte, eta 2021a ez da salbuespena izan. Are gehiago, pandemiak arazoak areagotu dizkie batzuei. Era berean, ireki berri duten Garbera berrituak merkataritza txikia gehiago kaltetuko duela salatu dute eragile batzuek.
Aurten, Parte Zaharreko Estrada zapata dendak, Groseko Mairena eta La Dalia dendek, Amara Berriko Marrubi gozoki dendak eta Erdialdeko Muebles Eceiza saltokiak eta Sanchez inprentak esan dute agur behin betiko, besteak beste. Horrez gain, Parte Zaharreko Txiki eta Eiger taberna ezagunek ere ateak itxi dituzte.
Hala ere, badira itxi eta berrituta ireki dituzten establezimendu batzuk ere. Aipatu Txiki tabernako arduradunak, esaterako, estilo bereko Basati taberna ireki du Parte Zaharrean. Era berean, Bulebarreko Kuskulo gozoki denda itxi eta berrituta berrireki zuten.