Hainbat preso donostiar, gertuago
Espainiako Espetxe Erakundeek euskal preso ugari Euskal Herritik gertuko kartzeletara hurbildu edo Euskal Herriratu dituzte 2021ean, nahiz eta oraindik asko gelditzen diren Euskal Herritik urrun. Euskal Herriratu dituzten presoen artean, donostiar hauek daude: Jon Troitiño, Juan Karlos Herrador, Arkaitz Agote, Jon Zubiaurre, Iosu Ordoñez, Mikel San Argimiro eta Jose Mari Dorronsoro, hain zuzen ere. Bestalde, Asier Arzalluz, Jon Olarra eta Ainhoa Mujika gerturatu egin dituzte.
Bestalde, Ander Mujika, Igor Suberbiola eta Antton Troitiño aske utzi dituzte. Azken hori, baldintzapean askatu zuten, 30 urteren ostean, pairatzen zuen gaixotasun larri eta sendaezinarengatik. Hilaren 17an zendu zen.
Aipatzekoa da Groseko bizilagun Oier Oaren kasua ere, ez baitiote Frantziako Estatuan bizitzeko lurralde debekua kendu, eta bere familiarengandik aldenduta jarraitzen du, Larresoron (Lapurdi) bizi baitira bere emaztea eta hiru semeak.