Hilberriak
Pepe Rei, Iñaki Egañarekin, liburu baten aurkezpenean. (Argazkia: Iñaki Egaña) Hainbat donostiar ezagunek utzi egin gaituzte aurten. Oihartzun handiena Pepe Rei kazetariaren heriotzak izan du. Donostian bizi zen 1980ko hamarkadatik, eta martxoan zendu zen, 73 urte zituela.
Kirolean, Lourdes Zurriarain El Conquistador telebista saioko lehenengo emakume irabazlea, Ignacio Zubimendi urte luzez Easo Saskibaloi Taldeko entrenatzailea eta ordezkaria izandakoa eta Julian Arratibel Donostia Arraun Lagunakeko arraunlari beteranoa hil dira aurten.
Kultur arloan, Jose Luis Ocon tronboi jotzailea, Zinemaldiko zuzendari izandako Luis Gasca kritikaria eta euskal zinemagintzan urte luzez lanean aritutako arlo elektrikoetako arduradun Txema Areizaga zendu dira.
Sukaldaritzan, Jose Juan Castillo eta Luis Irizar sukaldari ezagunak hil dira.
Auzoetan ezagunak ziren donostiar batzuek ere hutsunea utzi dute euren auzoetan: Altzako Historia Mintegian aritutako Javier Canterak, Loiolako parroko izandako Fernando Garijok, Egiako bizilagun eta militante Juan Mari Jauregik, Intxaurrondoko euskal preso ohi Antton Troitiñok eta Ibaetako danborradako zuzendari Juanjo Galdonak, hain zuzen ere.

