'Hondalea', Santa Klaran ikusgai
Ekainean egin zuten 'Hondalea'-ren aurkezpena eta inaugurazioa. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Kostatu zaio, baina Cristina Iglesias artista donostiarraren Hondalea esku hartze artistikoa bukatuta eta ikusgai dago. Ibilbide luzea egin du proiektuak 2016an Urrezko Danborra eman zioten Iglesiasi, eta 2017ko apirilean artistak irlako itsasargian esku hartze artistiko bat egiteko proiektua aurkeztu zuen. Ingurumen eta gizarte arloetako eragile ugari proiektuaren aurka agertu ziren, esku hartzeak irlako masifikazioa areagotu zezakeelakoan eta eremu naturala kaltetu zezakeelakoan.
Udalak 2019ko urtarrilean adjudikatu zituen lanak, 1,5 milioi eurorengatik, baina atzerapenak, eztabaidak, pandemia eta gainkostuak tarteko, azkenean 5 milioi euroko kostua izan du. Ekainean inauguratu zuten, eta uda osoan zehar herritarrak obra bisitatzera joan ziren. Hala ere, eztabaida ez zen inaugurazioarekin eten, LAB sindikatuak bi delitu salatu baitzituen lanetan: funtzioen abusua eta diru publikoaren erabilera okerra. Ordea, Fiskaltzak salaketak artxibatu zituen.

