Istiluak Parte Zaharrean
2020a Parte Zaharrean gazteen eta Ertzaintzaren artean izandako istiluen albisteekin bukatu zen, eta horrela hasi zen 2021a ere, hainbat aldiz izan baitziren istiluak, atxilotuak eta zaurituak. San Sebastian eguneko istiluetan, esaterako, ertzainen pilotakada batek masail hezurra hautsi zion Nahuel Gomez Rodriguezi, lanetik etxera zihoanean. Poliziaren arabera, gazteak botila zurrutean zebiltzalako sortu ziren istiluak; gazteek, aldiz, behin eta berriro ukatu zuten kale zurrutean ibili izana, eta hiriko hainbat eragilerekin batera, istiluen atzean pandemiaren kudeaketa eta Parte Zaharraren inguruan bestelako interesak zeudela salatu zuten. «Irtenbidea ez da errepresiboa, soziala baizik. Irtenbideak proposatzeko eseri egin behar gara: aisialdirako esparru seguruak sustatzeko, belaunaldiarteko akordioak egituratzeko, gizartea babesteko eta kriminalizatu beharrean, gazteentzako espazioak sortzeko», nabarmendu zuen orduan Piztu Donostiak. Hain zuzen, ehunka lagun manifestatu ziren Donostian urtarrilean, gazteen aurkako «kriminalizazioa» salatzeko.