Zahar etxeetako langileak borrokan
Irailean bi greba egun egin zituzten zahar etxeetako langileek, eta mobilizazio jendetsuak egin zituzten. (Argazkia: Oihane Arretxea) Gipuzkoako zahar etxeetako langileek 250 greba egunetik gora egin dituzte dagoeneko, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta zahar etxeetako enpresa kudeatzaileei eskatuz euren lan baldintzak hobetzeko, horrela egoiliarren bizi kalitatea hobetu ahal izateko.
Gatazkak bizi-bizi dirau, eta, aurten, oso presente egon da Donostian. Izan ere, irailaren bukaeran, Intxaurrondoko Txara I zahar etxeko ikuskapen txosten batek ondorioztatu zuen egoiliarrek hamalau ordu igarotzen zituztela oheratuta eta ezer jan gabe, langileak ez zirelako denak behar bezala artatzera iristen. Handik egun batzuetara, ELA sindikatuak salatu zuen «egiturazko» arazoa zela, eta Gipuzkoa osoko hainbat zahar etxetako langileen testigantzak aurkeztu zituen, tartean, Donostiako Villa Sacramento, Alai Etxe, San Jose de la Montaña, Aldakonea eta Lamourous zahar etxeetako langile batzuenak.
Azaroan, Ikuskaritzak aipatu txostena itxi egin zuela jakinarazi zuen aldundiak.

