Amaia Elizaranek dantza ikuskizun berria estreinatuko du Gazteszenan
Amaia Elizaran dantza garaikideko konpainiak ‘Arima’ pieza estreinatuko du otsailaren 5ean, Egiako Gazteszena aretoan. Tolosako artistaren sorkuntza berriak Hothouse Flowers taldeko burua den Liam Ó Maonlaí artista irlandar ospetsuaren laguntza izan du.
‘Arima’ euskal dantzari eta koreografoaren seigarren lana da. Ikuskizun berri honen bidez, Amaia Elizaranek “sinpletasunaren edertasuna” aldarrikatzen du, “azaletik funtsezkora doan bidaia baten bidez”. Helburu horrekin artistak esperientzia irudi indartsuak eszena lasaiagoekin tartekatzen ditue.
Elizaranen ikerketa koreografikoaren ardatza arnasketaren mugimenduaren azterlana izan da, horren bitartez “gorputz egoera berri eta desberdin bat lortzeko”. Piezan zehar, artista gipuzkoarrak Ó Maonlaíren musika originala izango du lagun: ahotsa, harpa, pianoa, borhana eta txirula. Ikuskizuna, azken finean, dantza garaikidearen eta irlandar folk musikaren batuketa izanen da, 50 minutu inguruko iraupena duena.
‘Arima’-k Maria Romero Laspiur eta Xabier Mujikaren donostiarren laguntza izan du eszenografian eta jantziterian. Sarrerak salgai daude dagoeneko Donostia Kulturaren web orrian.