"Nik dakidala antzeko hotza egiten du Astigarragan, Hernanin edo Donostian"
Ondarretako La Sirena aterpetxearen gaueko zerbitzua irekita mantentzeko eskatu du Donostiako Hiritarron Harrera Sareak. EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek ere protokoloa aldatzeko eskatu diote udal gobernuari. Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak nabarmendu du La Sirenako ate irekien zerbitzua etxerik gabeko pertsonek hirian eskura duten “azken baliabidea” dela. “Udalak baliabide hori baino gehiago eskaintzen ditu”.
Horrekin batera, Goiak esan du Donostiak legeak ezartzen duena betetzen duela, eta inguruko hainbat udalerrik ez dituztela baliabide guztiak jartzen. “Udalak urteko 365 egunetan 181 plaza ditu etxerik gabekoei zuzenduak, modu finkoan. Gainera, aipatzekoa da Donostia dela Gipuzkoako udalerri bakarra legeak ezartzen dituen zenbakiak betetzen dituena. Jakin badakigu Gipuzkoan 179 plaza falta direla jartzeko. Denok ditugu ardurak eta betebeharrak”, azaldu du alkateak.
La Sirenako protokoloari dagokionez, udalak “gutxienez” azken hamar urtetan erabili duena dela esan du Goiak. “Izotz arriskua egon denean zazpi gauetan ireki da aterpetxea, eta pertsona gehien urtarrilaren 21etik 22rako gauean artatu ziren. Guztira, 60 pertsona”. Datuak ematearekin batera, Donostiaren inguruan dauden herriak seinalatu ditu baliabideak jar ditzaten. “Nik dakidala antzeko hotza egiten du Astigarragan, Hernanin edo Donostian”. Protokoloa aldatzeko aukeraz galdetuta, ideia bera nabarmendu du alkateak: “Aukera izan dezake udalak protokoloa aldatzeko, baina beste udalerri batzuek ere baliabideak jartzeko aukera daukate”.