Mundaiz: utzikeriaren eta espekulazioaren artean
Zer ari da gertatzen Mundaizen? Suteak direla, etxe kaleratzeak, eraikinen eraisketak, «giro aldrebesa» sumatzen dute bizilagunek. Hiria behin izan zenaren, eta izan daitekeenaren arteko muga horretan, indar politiko guztientzat da lehentasun bat, baina inork ez du aurrera urratsik egiten. AHTak, autobusen geltoki berriak eta Tabakalerak ekarri dituzten eraldaketek, Egia, eta Mundaiz, erakargarri bihurtu dituzte higiezin enpresa mozkinzaleentzat, baina mozkinek beti dute ifrentzua. Eta gaur-gaurkoz Mundaiz, eskutik eskura mugitzen ari den fardel bero baten antza hartzen ari da.
Jatorrizko izena galduta ez, baina eraldatuta du Mundaiz pasealekuak. Mundaitz izan zen sorreran, Beroiz eta Olazalzabal familia boteretsuen etxe-jauregia. Denetarik zen han: baserriak, zalditegia, lorategia, lan eremua eta, 1714tik, mezak emateko baimena zuen kapera bat. Erriyoa-k inguratutako lur hori estrategikoa zen, Urumeatik zetozen ontziekin lan egiteko.
Gerora etorriko zen industrializazioaren hastapena, orain gezurra badirudi ere Donostia hiri industrial bihurtu zenekoa. Fabrikak eta tailerrak nonahi zabaldu ziren hiriaren geografia osoan zehar. Eta Egian, batez ere.
Tabako fabrika erraldoi bat ireki zuten 1913. urtean, 25 urte iraun zuten lanen ondotik. 90 urtez Euskal Herriko, eta Espainiako Estatuko, garrantzitsuenetako bat izan zen. Milatik gora langile izan zituen, gehienak emakumeak.
Mundaiz kalean bildu ziren ere tailerrak eta lantegiak. Loidi y Zulaica ardandegia 1903an, Bodegas Azpilicueta 1928an, Mendia y Murua fundizioa 1932an, eta beste hainbeste.
Desindustrializazioaren hondarrak
Industrializazio osteko Donostian, ordea, banan-banan joan dira desagertzen fabrikak, tailerrak, buzo urdinak eta esku zikinak. Lanaren tertziarizazioak kanporatu egin ditu eraikuntza ez diren industriak, eta bizkar apurtuen eta esku zartatuen amesgaiztotik, turismoaren prekarietatera igaro dira gazte langileen espektatibak.
Desindutrializazioaren ondorio bisualenak dira Mundaizko eraikin utziak, baina aukera ere badira: espazioak egokitu eta auzotarren beharrei erantzuteko.
AHTa eta Egiaren eraldaketa
Tabakalera 2015ean inauguratu zen arte garaikidearen zentro moduan, eta ordutik, auzoa eraldaketa izugarria bizitzen ari da: Egia eta Gros lotuko dituen Iztuetako lur azpiko pasabide berria martxorako irekita egotea aurreikusten du udalak, urriaren 28tik itxita dagoen Egia azpiko pasabidea bi urte inguru iraungo dute lanek, eta Mundaiz kalearen erdia itxita dago ere, 2020ko uztailetik abiadura handiko trenaren geltokiko lanak egin, eta Telefonicako eta Iberdrolako sareak desbideratzeko .
Hain zuzen, joan den urtarrilean bota zuten Mundaizko eraikin enblematikoetako bat. Autocares Diez enpresak azken 60 urteetan 24. zenbakian zegoen garajean eduki zituen autobusak, baina tren geltoki berriaren obrak hasitakoan, udalak Renferi adierazi zion eraikin hori eraberritu egin behar zela abiadura handiko trenaren geltokira egokitzeko. Geltokiaren eraberritze lanek 80,4 milioi euroko aurrekontua dute eta 42 hilabeteko epea.
Abandonua eta irregulartasunak
Eraldaketa honen aurretik, ordea, egoera tamalgarrian dauden eraikinek arazoak sortu dituzte bizilagunen artean. Han egon zen bizitzen Egiako bizilagun Peio Galvez bost urtez. “8. zenbakian bizi ginen gu, 10.ean jende mordoa bizi zen”. Oraindik ere bizi da jende nahikotxo, bizigarritasun baimenik ez duten lokaletan. Udalak adierazi du “egoeraren berri” baduela, eta pausoak ematen ari dela “egoera hori erregularizatzeko”.
Ander Gortazar arkitektoak adierazitakoaren arabera, “Mundaizko eraikin asko antolamenduz kanpo daude, eta beraz, ezin dira berritu. Horrek ekarri du hainbeste urteren ostean, geroz eta egoera okerragoan egotea. AZPI elkarteak, adibidez, arazo bera zuen: ezin zituzten obra handiak egin beraien lokalean”.
Gentrifikazioaz hitz egin daiteke?
Azken urteotan Donostian gentrifikazioa hitza erabili izan dute bizilagun mugimenduek etxebizitza arazoaz hitz egiterako orduan. Gentrifikazioaren lehen urratsa abandonua eta estigmatizazioa da. Bigarrena, berritze eta modernizazio bat, artearen eta kulturaren industriekin, normalean. Hirugarrena, jakina da, espekulazioa eta auzotarrak kanporatzea.
Egia Bizirik bizilagunen elkartekoek ere argi dute, “urte askotan zehar hirugarren mailako auzo gisa ikusi izan dute agintariek Egia”. Ez dira metaforikoki ari. Hitzez hitz esan omen zien hori Odon Elorzak duela hogei bat urte izandako bilera batean.
Egoera arras ezberdina da egun. Aipatutako eraldaketa guztiekin Egia “modako auzo” bilakatu nahi dute, “Soho donostiarra” izen lotsagarria asmatuz horretarako.
Sute “susmagarriak”
Izandako suteen inguruan galdetuta, Galvezen ustez “nahiko argia da nahita piztutakoak zirela, ez dakit, ordea, zein interesekin”.
Hain zuzen, 2019ko azaroaren 5ean izan zen suterik “susmagarriena”. Egun hartan, ADIFen jabetza den Mundaizko 10. zenbakiak su hartu zuen, eta ostean, hamar bat orduko aldearekin, Irungo ADIFeko beste lokal batean ere su bat piztu zen. Bizilagun askok uste du ez zela kasualitatea, eta nahita egiten ari direla, bertan egon den jendea kanporatzeko, edo besterik gabe, agintariek gunean arreta mantentzeko.
2010eko plan orokorra
2015eko udal hauteskundeak irabazi ostean, EAJ eta PSE-EEk ‘Donostiaren aldeko hitzarmena’ gobernu akordioa sinatu zuten. Bertan, Tabakalerarekin lotzen da Mundaizko proiektua: “Mundaiz berriak, egun egoera degradatua aurkezten duenak, Tabakaleraren irekierak dakartzan birgaitzerako aukerak aprobetxatu eta modernizatzeko beharra du; bulegoak eta bizitegi gune misto batean eraldatuz eta sormen eta kultur industriarekin erlazionatutako jarduera ekonomikoak bereganatuz. Hau da, Berrikuntza Kulturalean eta Ekonomikoan oinarritutako erakargune bat sortuz”.
Hain zuzen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak eremua urbanizatzeko aukera ezartzen du. El Diario Vasco-k 2016an artikulu batean argitaratu zuenez hori da gaiari buruz kaleratu den gutxia, 170 etxebizitza eraiki ahal izango dira auzo elkarteak uste du 400 ere izan daitezkeela, bai eta merkataritza establezimendu eta hirugarren sektoreko establezimenduak beheko solairuan. “18.000 metro karratuko lur sailan” babes ofizialeko etxebizitzak %20 izan behar dira, tasatuak beste %20, eta gainontzekoak, etxebizitza libreak.
Plan Orokorraren Berrikuspenarekin hasteko lehen pausoak 2021ean eman dira: “Lehenik diagnostiko bat egingo da eta hiritarren parte-hartze prozesu baten bidez diagnostiko horrek ekarpenak” jasoko ditu udalak. Aurrerapen dokumentua idatziko da eta “kontrastatu” egin nahiko du udalak “hainbat lan-saiorekin”. Behin aurrerapen dokumentua eginda, “prozesua etengo da eta 2023ko hauteskundeetatik sortuko den udal korporazioak onartuko du dokumentua eta berrikuspen prozesuarekin jarraituko du”.
Edonola ere, udalaren arabera “gaur gaurkoz irizpide horiek [Mundaizek jaso beharrekoak] ez daude definituak, eta Plan Orokor Berria idazteko egingo diren lanen barruan zehaztuko dira. Beraz, duela sei urte aipatutakoak bertan behera geldituko lirateke, eremu berria Plan Orokorraren berrikuspenean aztertu arte. Eraikigarritasuna, etxebizitza kopurua eta eremuan egon daitezkeen ekipamenduak berrikuspen horretan zehaztuko dira”.
Eraikigarritasun eske
Denak ados badaude lehentasunezko gunea dela, aukera izugarriak ematen dituela, zergatik ez da orain arte aurrera atera proiektua?
Gortazarrek dioenez, eraikigarritasun murritzean dago arazoaren muinetako bat. “Albo batean Mundaizko karretera estua eta Gladys-Enea parkea ditugu, beste aldean trenbidea; eta, beraz, ezin da gehiago zabaldu”.
Ricardo Burutaran EH Bilduko hirigintza zinegotzi izandakoak (2011 eta 2015 artean), etxeen jabeekin negoziatzen aritu zirela kontatu du. Eraikigarritasuna handitzeko, alboetara zabaltzeko proposamena egin omen zuten “Gladys-Eneako murruetako bat botatzea, alegia!”.
Hori ezinezkoa denez, bi proposamen egin zituzten etxe jabeek aldi berean, eraikuntza enpresekin harremanetan zeudenak. Batetik, Babes Ofizialeko Etxebizitza portzentaia murriztea proposatzen zen, mozkinak handitzeko helburuarekin.
Bizilagunek ez dute nahi Aldakonean gertatutakoa errepikatzea. Udalak eta Kutxa Fundazioak hitzarmena sinatu zuten Aldakoneako hegaleko zenbait lurzoru eta Altzako Eraikuntza Institutua “berrantolatzeko”. Ordea, dena promozio beraren barruan sartu nahi izan zuten, eta babes ofizialeko etxe guztiak Altzan egin, Egian irabaziak handiagoak direnez. Bertan behera dago orain proiektua, baina auzoan babes ofizialeko etxeak egotearen garrantzia aipatzen dute Egia Bizirikekoek.
Mundaizerako egindako bigarren proposamena, eraikigarritasuna handitzea izan zen zen. Baina alboetara ezin bada handitu, nora handituko dira? “Goraka eraikitzeko proposamena” egin omen zela dio Burutaranek, “Tabakaleraren altuera hartzeko, eta honela, etxebizitza gehiago eraikitzeko”.
Jabetzaren lehia
Jabetza arazo bat ere badago. ADIFenak dira hainbat eraikin, Donostiako Udalarenak beste batzuk, eta etxe jabe txikienak. Mugimendu handia egon zen duela urte batzuk eraikuntza enpresak bulegoak erosten ari zirelako. 8. zenbakian bulegoa zuen abokatu bate aitortu zion Galvezi, Amenabarren eta Sukiaren proposamenak jasotzen zituela.
Zergatik? Proiektua martxan jartzen denean, jabetza gehien duenak erraztasun gehien izango duelako. Eta noski, mozkin gehiago; inork ez dituelako aldatzen duroak pezetengatik.
Bizikidetza arazoak
Mundaiz 14.a hustu zuen Ertzaintzak orain aste gutxi epaile baten aginduz. Hogei bat lagun zeuden bizitzen han, baina beste askok egun batzuk lehenago utzi zuten eraikina. Udalak hedabide honi esan dionaren arabera: “Gai horrek beti sortzen ditu kudeatzen konplikatuak diren egoerak, eta hori ikusi dugu azken hilabeteotan Egia auzoan. Udalak inguruko auzotarrekin egoteko aukera izan du, eta poliziaren presentzia bertan ere areagotu egin da, sortutako egoera baretzen saiatzeko”.
Etxe kaleratzeaz gain, Kaioa tabernan izandako erasoak eta horren osteko polemika ekarri behar da gogora, diskurtso arrazistak zabalduz hedabideetan.
Infernuan gertatzen ari denarekin lotura zuzena du honek ere. Bertatik kanporatu dituzte etxerik gabeko hainbat herritar, eta horietako askok Mundaizen topatu zuten lotarako lekua. Konponbide “integralik” proposatu ezean, leku batetik bestera ibiliko dira, honek dakartzan arazoekin.
Zer egin egun dauden jarduerekin?
Gortazarren ustetan, “Egia auzo oso mistoa da, eta Mundaizen bertan badituzu klub bat, bulegoak… gero eta funtzio aniztasun handiagoa, gero eta ordutegi zabalagoa du. Azkenean horrek auzo askoz biziago bat sortzen du. Horren ordez, besterik gabe, etxebizitzak eraikitzen badira galdu daiteke auzoari ematen dion plus hori”.
Enpresa horiekin guztiekin zer gertatuko den jakitea da beste gai potoloetako bat. Denak daudelako behin-behineko egoera batean. Dabadabak, adibidez, urteak eman zituen lokala egokitu gabe, zalantza horren beldur, arriskatu arte.
Gortazarrek zalantza bera du: “Gustatuko litzaidake jakitea ea haiekin kontatzen den. Ea animatuko zaien bertan geratzera, edo gonbidapena egin Miramonera edo dena delakora joan daitezen”.
Eta aurrera begira, zer?
Gortazarrek argi dauka: “Hiriak eraldatu egiten dira, eta historikoki izandako paperak aldatu, eta hori beharrezkoa da. Baina egia da gaur egun hoberako egiten diren hainbat ekintzak automatikoki dakartzatela merkatuaren logikaren araberako ondorioak. Bartzelonan, adibidez, Avinguda del Paralálel-en hobekuntza batzuk aurkeztu zirenean, bizilagunek esan zuten: ‘Oso polita da, baina hau etortzen bada nire alokairua igo daiteke, eta ni banoa’. Ulertzen dut orain Egia puntu horretan egon daitekeela. Aldaketa batzuk hoberako dira, eta Mundaiz aldatu egin behar da, erortzeko moduan dagoelako, kontua da nola egiten den”.
Udalak adierazitakoaren arabera, Mundaizen aukera guztiak zabalik daude egun, plan berrian zer erabakiko zain. Eraikigarritasun eta babes ofizialeko etxeen kopurua izango da eztabaida nagusia. Eta bitartean, auzotarrek lan egin beharko dute, auzoan bizitzea, lan egitea eta zahartzea ez dadin kapritxo bat izan.