Asteburu biribila izan da hiriko lehen mailako emakumeen taldeentzat
(Argazkia: Reala) Realak, Bera Berak eta Ibaeta Basketek irabazi egin dituzte euren partidak. Bolada onean dira hiru taldeak. Realak sailkapeneko bigarren postua indartu du Vila-Realen zelaian irabazi ostean (1-4). Amaiur Sarriegi donostiarrak, Sanni Franssi finlandiarrak –bi– eta Allegra Poljak serbiarrak egin zituzten golak. Oso sendo aritu ziren txuri-urdinak, agerian utziz denboraldi honetan Txapeldunen ligara sailkatzeko aukerak dituztela.
Eskubaloian, Bera Berak lehen postuan jarraitzen du Lanzaroten irabazita (30-21). Irlara joateko hegazkinak izandako matxurarengatik, bost orduko atzerapenarekin iritsi ziren Lanzarotera. Horrela ere, Donostiako taldeak bere onena eman zuen pistan. Atsedenaldirako bideratuta utzi zuten norgehiagoka. Bestalde, Hernandezen sei golak erabakigarriak izan ziren. Datorren larunbatean, Rocasa hartuko dute etxean, indarrak neurtzeko partida garrantzitsua.
Saskibaloian, laugarren neurketa jarraian irabazi zuen Ibaeta Basketek. Oraingoan, Estudiantes hartu zuten mendean. Azu Muguruzak gidaturiko taldea sasoiko une onenean da, zalantzarik gabe. Sailkapenean gora jarri dira. Martxoan Estudiantesen izango dute aurrez aurre kopan, beraz, aurrekari baikorra izan da Donostiako taldearentzat Madrilen lorturiko garaipena.
Snowboardari dagokionez, Lucas Egibar donostiarra Pekingo Neguko Olinpiar Jokoei begira ari da lehiatzen. Asteburuan Cortina d’Ampezzon (Italia) jokaturiko munduko kopan bosgarren geratu zen. Finalerdian erori izanak Egibarren aukera zapuztu zituen. Halere, Small Final delakoan onena izan zen, eta horri esker lortu zuen bosgarren postua.
Azkenik, izotz hockeyan, Txuri Urdinen Milenio Panthersen kontra jokatu beharreko neurketa atzeratzea erabaki zuten osasun neurriengatik.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 19. jardunaldia
- Vila-real 1 – Reala 4
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 11. jardunaldia
- Lanzarote 21 – Bera Bera 30
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Estudiantes 55 – Ibaeta Basket 81

