Alvaro Romerok zilarrezko domina lortu du Europako kopan eta lider jarri da
(Argazkia: BAT Basque Team) Denboraldi ona egiten ari da Donostiako Alvaro Romero snowboarder gaztea. Dolni Moravan (Txekiar Errepublika) jokaturiko Europako Kopako proban bigarren izan da, Leon Ulbricht alemaniarraren atzetik. Zilarrezko domina ez ezik, lehiaketako sailkapen nagusiko lehen postura igo da. “Oso pozik nago. Lasterketa ez da batere erraza izan, haize handia zegoelako eta elurra ari zuelako etengabe. Nahiko lasterketa zaila izan da, baina nahiko ondo eraman dut eta, egia esan, oso pozik nago”, adierazi du Romerok.
Urtarrilaren 23an Reiteralmen (Austria) jokaturiko Europako kopako proba irabazi zuen, eta Munduko kopan maila onean aritu da. Esaterako, Cerviniako (Italia) proban hogei onenen artean sailkatu zen, eta Krasnoyarskeko (Errusia) lasterketan zortzigarren izan zen. Bihar hasiko den Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetako snowboardcross probarako erreserba zerrendan dago.

