Inauterietako desfilea bitan banatzea aztertzen ari dira
Donostiako Udalak oraindik ez du erabakirik hartu inauterien inguruan. Asteartean, Eneko Goia alkateak adierazi zuen erabakia datorren astean hartuko dutela. Inauterietako desfilea egiteko modua aztertzen ari direla baieztatu zuen, eta mahai gainean hainbat aukera dituztela. Donostia Festak sailak hedabide honi adierazi dionez, Donostiako inauterien aurkezpena hilaren 18an izango da. Orduan emango dituzte xehetasunak.
Dena dela, inauterietako desfilearen inguruko informazioa beste hedabide baten bidez aurreratu zuen Donostia Festak sailak. Inauterietako desfileak hilaren 26an eta 27an egingo lirateke. Gainera, hogeita lau konpartsaren desfilea bitan banatzearen aldekoak dira.
Hilaren 26an, hamabi konpartsak Erdialdeko kaleetan egingo lukete desfilea, eta beste hamabi konpartsek Groseko kaleetan. Hilaren 27an, berriz, gauza bera egingo lukete, baina alderantziz. Hau da, Erdialdean desfilaturiko hamabi konpartsek Grosen desfilatuko lukete, eta Grosen aritutakoek Erdialdean.
Kaldereroak eta inude eta artzainak
Datorren astean, kaldereroak eta inude eta artzainak ospatuko dituzte. Zehazki, hilaren 19an eta 20an izango dira. Kaldereroen konpartsa batzuek aurten ere ez desfilatzeko erabakia hartu zutela iragarri zuten, baina udalak jakinarazi du badirela proposamena onartu duten konpartsa batzuk. Esaterako, Hungariako Kaldereroen Konpartsak. Inude eta artzainei dagokienez, desfileak mantenduko dituzte Kresala elkarteak –hilaren 20an– eta Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeak –hilaren 26an–.


