Abortatzeko eskubidea defendatu dute
Donostiako Askabide klinikako langileak eta pazienteak jazarka ari dira egunotan. ’40 dias por la vida’ lelopean, garizumarekin batera, abortatzeko eskubidearen aurkako kanpaina egiten ari baita talde bat.
Gaur arratsaldean “prozesio bat” egin dute Erdialdean, eta Askabide klinikara iritsi direnean abortatzeko eskubidea defendatu eta klinika babestera joan diren herritarrekin egin dute topo. ‘Gora borroka feminista’, ‘Faxistak kanpora’, ‘Gure gorputza, gure erabakia’ eta ‘Alde hemendik, utzi bakean’ oihuak ozen entzun dira prozesioa iritsi denean.
Martxaren buruan hainbat gizon iritsi dira, eta egurrezko gurutze handi bat zeramaten. Vox alderdi ultraeskuindarreko kideak ere baziren, tartean, Juan de Dios Davila. Gipuzkoako Vox-eko hautagaia Vox-ek joan den martxoan Donostian ireki duen egoitzaren inaugurazioan izan zen. Gipuzkoako Vox-en sare sozialetan ere argitaratu dituzte prozesioaren irudiak, eta abortatzeko eskubidearen aurkako mezuak plazaratu dituzte. Neska gazteak ere baziren prozesioan. Klinikaren aurrean bildu dira, eta, belauniko, errezatzen hasi dira. Askok kamiseta zuriak zeramatzaten soinean, ‘Rezar no es delito‘ (errezatzea ez da delitua) leloarekin.
Tentsio uneak izan dira, eta Ertzaintzak klinikaren espaloira joatera behartu ditu abortuaren eskubidea defendatzera joan diren herritarrak.
Duela gutxi, abortuaren aurka protesta egiten ari zen gizon batek Amarako bizilagun bati eraso egin zion.
Abortatzeko erietxe batera joaten diren emakumeei jazarka aritzen direnak zigortzeko legea onartu zuten Espainiako Kongresuko osoko bilkuran joan den otsailean. Izan ere, abortatzeko eskubidearen kontrako hainbat elkartek protestak egin ohi dituzte zentro horien atarian; bada, horiek zigortzeko legea da Kongresuak onartu zuena. Espainiako Senatura eramango dute lege proiektua, azken tramiteak egiteko.