'Bi Burrundara' kaleratu dute Elena Ramirezek, Andoni Olaetxeak eta Unai Pelayok
Elena Ramirez, Andoni Olaetxea eta Unai Pelayoren arteko jolasetik abiatu da. Inprobisazioa du oinarri, eta “isiltasuna apurtzeko beldurretik” sortu diren zortzi pieza instrumental eta atmosferiko eskaintzen ditu lanak.
Olaetxea eta Pelayok 2020an kaleratu zuten Burrundaria lanaren jarraipen moduan uler daiteke honako hau. Oraingoan, ordea, bi gitarrez gain, Ramirezen pianoa du lanak, eta armonia aberatsagoak eskaini dituzte, tentsioak eta une argiagoak bilduz inprobisazioetan.
2021eko udazkenean grabatu du hirukoteak Berastegiko Sagastiberri baserrian eta Olaetxeak berak egin ditu nahasketak. Azaleko litografia Iñaki Rifaterrak egin du eta aurkezpen testua Aiert Ordoñezen esku utzi dute: “Turrunak jo du behin, burrundaria. Errepika bat, burrundara bi. Turrunak barrunbea astindu dizu, isiltasuna hautsi du. Zerk jotzen dizu barruan behin eta berriz? Zein bukle errepikatzen da eta zeini esaten diozu ‘geldi hadi hor’? “
Aurrekoan bezala, Balio Dute zigiluarekin kaleratu dute lana, eta web orrian eskuratu daiteke CD formatuan. Adierazi dutenez, oraingoz ez dute kontzertuetan aurkezteko asmorik. Etxean lasai entzuteko lana geratzen zaigu, beraz.