Euskararen aldeko "urrats erraldoia" egin nahi dute maiatzaren 21eko manifestazioan
Manifestazioa egingo dute maiatzaren 21ean, Antiguako tuneletik abiatuta, 17:30ean.
Gaztealdiak, euskararen aldeko gazteen sareak, agerraldia egin du gaur Kontxako erlojuetan, hainbat aktore, kirolari eta euskaltzalez lagunduta. Prentsaurrekoan Sua Enparantza, Lorea Agirre, Oinatz Bengoetxea, Yogurinha Borova, Oier Sanjurjo, Alex Aginagalde (Pantailak euskaraz) eta Koldo Zarate (EHE) izan dira, besteak beste.
Euskararen egoerak “arduratzen dituztela” aitortu dute Iruñeko Begoña Garaikoetxea eta Bilboko Javier Arriaga bozeramaileek. Azpimarratu dutenez, egoera honen isla dira azken urteotako “erabaki judizialak, euskararen erabilera datuek erakusten duten geldialdi zantzua, pantailetan euskarak duen presentzia murritza edota euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea”.
Euskaldunek horrelako “egoera zailei” aurre egiteko “sena” aipatu dute, euskaldunek izandako konpromisoa azpimarratuz. Konpromiso hori sakondu asmoz, “herri bultzada berri bat” eskatu dute “Euskal herria euskalduna izateko”.
Gaztealdiak ekimena aurkeztu duen arren, gizarte zibilaren eta instituzioen arteko “elkarlana eta akordio berriak” espero dituzte, eta euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte manifestaziora, “euskaldunak, zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen” duten herritar guztiak. Euskaltzale eta euskalgintzako eragileekin partekatuko dute egitasmoa, eta guztion artean “urrats erraldoi” berri bat egitea espero dute.
Oraingoz, Telegram kanal berri bat jarri dute martxan egitasmoaren berri izateko, eta norbanakoen atxikimendua biltzeko helbide bat eman dute.