Zapatak zaintzen dituzten faisaiak
La Yorquina izenez ezagutzen zen garai batean Donostiako Arrasate kaleko 24. zenbakian zegoen urdaitegia. Ancoraren arabera, 'belle époque' garaiko establezimendurik «bikainena» zen, eta gaur egun ezaugarri batzuk mantentzen badira ere, zapata denda berriak establezimendua "bere osotasunean" zaintzea eskatu du elkarteak.

Arrasate kaleko 24. zenbakian Geox zapata etxearen denda bat zabaldu zuten martxoan, baina, garai batean, oso bestelako negozio bat zegoen bertan: La Yorquina urdaitegia.
Roberto Garcia Otxoa arkitektoak egin zuen 1922an, eta Agustin Cabrak inauguratu zuen negozioa, La Yorquina izenez ezaguna. Saltoki honen erakusleihoa marmolezko arku beheratu zabal batez markoztatuta dago, eta material bereko bi zutabek eusten dute, muturretan idulki batzuen gainean altxatzen direnak. Ancoraren arabera, fatxada “hiztuna” da, eta garai bateko lokalaren jarduerarekin lotutako ezaugarriak ditu. Arkuarteak urre koloreko mosaikoz apainduta daude. Mosaiko horien gainean, faisai koloretsuak nabarmentzen dira, eta bakoitza alde batera begira ageri da, garai batean urdaitegia zaintzen zuten gisan, gaur egun zapaten zaindariak balira bezala.
Eta, dagoeneko bertan ez badago ere, bi fasai zaindari horien erdian marmolez zizelkatutako txerri buru bat ere ageri zen, urdaitegiaren ezaugarri esanguratsu modura.
Establezimendurik “bikainena”
Ancoraren arabera, antzinako La Yorquina urdaitegia belle époque garaiko Donostiako establezimendurik “bikainena” izan zen. Kanpoaldeak bezala, dendaren barrualdeak ere ematen zuen zeresana. “Aberastasun eta argitasun handikoa da, mosaiko polikromoen ugaritasuna dela eta. Goiko erpinak biribilduta dituzten ispiluak daude, haien zabaltasuna areagotzen laguntzen dutenak. Eta alboetan anemonazko pitxerrak ageri dira, modu ilusionista batean irudikatuta”, azaldu du Ancorak.
Elkartearen arabera, establezimenduak “bere osotasunean” zainduta egotea merezi du, baina deitoratu du fatxadaren kanpoko estaldura baino ez dagoela babestuta.