Greban dira Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak garbitzeko azpikontratatutako langileak
Langileen protesta Koldo Mitxelenaren aurrean. (Argazkia: ELA sindikatua) Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinen garbiketako azpikontratatutako langileek astelehenean hasi zuten greba, eta maiatzaren 7ra arte arituko dira borrokaldian. ELA, LAB eta ESK-k positibotzat jo dute grebaren jarraipena. Negoziazio kolektiboan KPIa ziurtatzeko borrokan ari dira.
Patronalaren “immobilismoaren” aurrean abiatu dute greba, abenduan egindako planteamendu ekonomikoari eusten diolako enpresak: 2021erako soldatak izoztea, 2022rako % 1,5eko igoera eta 2023rako % 1,75eko igoera. Apirilaren 5ean egindako azken bileran patronalak “oso argi utzi zuen bere jarrera, ez du KPIri lotutako planteamendu ekonomikorik egin nahi”.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek diputazioaren jarrera salatu dute: “Nahiz eta ziurtatu ezin duela hitzarmenaren negoziazio kolektiboan esku hartu, garbitzaileak Eulenen langileak direla argudiatuz, argi geratu da euren esku dauden tresna guztiak erabiltzen dituztela langileei presioa egiteko”.
Greba eskubidea urratua
Salatu egin dute Eulen enpresa grebalariak ordezkatzen ari dela: “Grebalarien lanak egiten ari dira, nahiz eta jakin hori ez dela legezkoa”.
Bestetik salatu dute, foru aldundia ere, greba eskubidea “etengabe ari dela urratzen”: “Gipuzkoako Foru Aldundiak lantokietara sartzea debekatu dio greba-batzordeari. Batzordeak berak argi utzi arren lantokietan sartzeko eskubidea besterik ez zuela erabili nahi, grebarako eskubidea urratzen ez zela egiaztatzeko, erakunde publikoak ez du eskaera onartu”.

