Txomiñeneko District Heating sistemaren akatsen inguruko txostena eskatuko du Donostiako Sustapenak
District Heating zentroak ematen dien zerbitzuarekin ez daude gustura Txomiñeneko eraikin finkatuetan bizi direnak. “Aipatutako bizitegietako bizilagunak bizi eta jasotzen ari diren errealitateak eta fakturek agerian uzten dute sistema ez dela behar bezala funtzionatzen ari etxebizitza finkatuetan, eta energia galerak handiegiak direla, %60 ingurukoak, batez beste. Gainera, bizilagunek diotenez, zerbitzua ematean gorabehera asko izaten ari dira”, azaldu du EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek. Hain zuzen ere, udal taldeak bizilagunen kexak apirileko osoko bilkurara eraman dituzte.
EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio Txomiñeneko eraikin finkatuetan District Heating sistema ezartzeko proiektua ikuskatzeko eta hura behar bezala gauzatzeko txosten bat osatzeko. Giroa enpresak kudeatzen du sistema, eta etxebizitza finkatuetan bizi direnak ez daude konforme haien zerbitzuarekin. Eskaera horren alde bozkatu dute udal talde guztiek.
Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak hitz egin du udal gobernuaren izenean, eta aurreratu du Donostiako Sustapenak sistemaren akatsen inguruko txosten bat eskatuko duela: “Sistema ondo funtzionatzen ari da, orokorrean. Halere, jakin badakigu zati batean arazoren bat dagoela; etxebizitza finkatuetan. Giroa enpresarekin elkarrizketa irekia dugu, baita ere bizilagunen komunitatearekin. Sustapen sailak arazoak zeintzuk diren badaki, eta kezka konpartitzen du. Enpresak afera auzibidera eramatea erabaki du, eta hori ez dugu gustuko. Halere, alde guztiekin gertatzen ari dena konpontzen ahaleginduko gara”.