Herritarrek Plan Orokorrari ekarpenak egiteko aukera izango dute hilaren 31 bitarte
Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua hasi du, eta diagnostikoa osatzeko galdetegi bat sortu dute. Horrela, donostiarrek, hiriko elkarteek, hirian lan egin edo ikasten dutenek eta bisitariek parte hartzeko aukera dute. Helbide honetan jarri dute galdetegia.
Plan Orokorrak eragina duen hamaika alorretan eman daiteke iritzia, baita ekarpenak egin ere, besteak beste, segidako gaiei buruz: lurralde eta hiri estrategia; inklusibitatea eta osasuna; jasangarritasuna eta klima aldaketa; ondarea eta euskara; turismoa; ingurune naturala; mugikortasuna; gune publikoa; etxebizitza eta hiri berroneratzea; jarduera ekonomikoa, eta ekipamenduak.
Galdetegi bakoitza betetzeko bost bat minutu behar dira, eta ez da beharrezkoa galdera guztiak erantzutea. Gainera, parte hartu nahi dutenek une edo egun ezberdinetan bete ditzakete inkesta ezberdinak.
Epea hilaren 31n bukatuko da. Parte hartzea anonimoa da, baina estatistiketarako datu pertsonal orokor batzuk eskatuko dira.