Gizon batek sexu erasoa egin dio emakume bati Grosen
Ertzaintzak 20 urteko gizon bat atxilotu du, larunbat gauean etxera zihoan emakume bati eraso egin ondoren. Emakumeak SOS-Deiak larrialdietako telefonora deitu zuen erasoa salatzeko. Gizonari sexu eraso bat egitea leporatu diote.
Ertzainak lekura joan ziren, eta emakumeari laguntza emateaz gain, erasotzailearen bila hasi ziren, eta emandako deskribapenarekin bat etor zitekeen gizon bat aurkitu eta atxilotu egin zuten. Agintari judizialaren eskuetan utzi dute Donostiako Guardiako Epaitegian.
Itaiak, emakumeen antolakunde sozialistak, elkarretaratzera deitu du erasoa gaitzesteko. Gaur egingo dute protesta, 20:00etan, Bulebarrean. “Indarkeria matxista orori” aurre egiteko beharra azpimarratu dute.
Groseko Asanblada Feministak ere kontzentrazioa egingo du. Bihar aterako dira kalera, 19:30ean, Groseko Katalunia plazara. Asanbladak “erabat gaitzetsi” du erasoa, eta mobilizazioa antolatu du sexu erasoa jasan zuen emakumeari “elkartasuna eta indarra helarazteko. Eta erakusteko nazkatuta gaudela, elkarrekin indartsuak garela, eta eraso bakoitzari erantzuna emateko prest gaudela”.
Era berean, Donostiako Udalak erasoa gaitzetsi du, udal talde guztiek sinatutako adierazpen baten bidez. Gainera, erasoa salatzeko, Alderdi Ederren elkarretaratuko dira bihar, hilaren 10ean, 12:00etan.