Europako atea ireki du hirugarren urtez jarraian
Etxeko lanak eginda bete du helburua Realak. Hirugarren urtez jarraian Europan jokatuko dute txuri-urdinek. Cadiz mendean hartu zuten atzo Anoetan, eta nahitaezkoak ziren hiru puntuak eskuratu zituzten Europa ziurtatzeko.
Realak aise irabazi zien andaluziarrei (3-0) eta Anoetako harmailek eztanda egin zuten. Sorlothek, Januzajek eta Portuk egin zituzten golak. Zaleekin ospatu zituzten, baita zaleek taldearekin gozatu ere. Izan ere, jarraitzaileak gaizki ohitu dira Realarekin, eta horietako asko Europako helburuarekin ezkor zeuden, atzo arte.
Oraindik bi jardunaldi falta dira liga bukatzeko, eta horietan erabakiko da Europako zein txapelketa jokatuko duten txuri-urdinek: Europako Liga ala Conference Liga. Batez ere, hurrengo norgehiagoka izango da erabakigarria, Realak Vila-realen zelaian jokatuko duelako –igandean, 19:30ean–. Unai Emeryk gidaturiko taldeak bost gol egin zizkion atzo ezer jokoan ez duen Rayori (1-5). Hortaz, partida zaila eta lehiatua izango da.
Matematikak
Txuri-urdinek Vila-reali irabazten badiote, matematikoki ziurtatuko dute seigarren tokia eta Europa Ligarako sailkatuko dira. Ordea, Vila-realek irabazten badu, sailkapenean berdinduta geratuko lirateke bi taldeak 59 punturekin. Azken jardunaldian, Bartzelonaren zelaian jokatuko du Vila-realek, eta irabazten badu seigarren postua beraientzat izango da, gol average delakoa haien aldekoa delako. Beste formula bat litzateke txuri-urdinek azken bi partidak berdintzea, bi puntu baino ez dituztelako behar seigarren postuari eusteko.
Azken bi sasoietan Europa Ligan aritu da Reala, eta bietan lortu du ligaxka gainditzea. Dena dela, azken pausoa ematea falta izan zaie kanporaketa erabakigarrietara iristeko.