Realak Anoetan bukatuko du bere historiako denboraldirik onena
Emakumezkoen liga bigarren postuan bukatuko du Realak. Etzi, galdu ala irabazi, bigarren toki horri eutsiko diote. Alaves hartuko dute Anoetan, eta euskal derbiek sortzen duten giro paregabeaz harago, txuri-urdinek zaleekin ospatu ahal izango dute beraien historiako denboraldirik onena. Izan ere, lehen aldiz Txapeldunen Liga jokatzeko txartela lortu dute, eta bikaina izan da ligan eman duten maila. Kopako galera izan da salbuespen bakarra, baina Bartzelona ahalguztidunarekin topo egin zuten, tamalez.
Gizonezkoen Realak, berriz, neurketa garrantzitsua jokatuko du etzi Vila-realen zelaian. Emaitzaren arabera, txuri-urdinek Europa Ligan jokatzeko aukera lor dezakete. Horretarako, ez dute galdu behar. Irabaziz gero txapelketa hori ziurtatuko dute, eta berdinduz geroz ligako azken neurketan irabazita edo berdinduta lortuko dute helburua. Aldiz, Vila-realek irabazten badu, Reala Conference Ligarekin konformatu beharko da.
Eskubaloian, Bera Berak behar bezala ospatuko du bihar pasa den asteburuan irabazitako liga; historiako zortzigarrena. Lanzarote hartuko dute Gasca kiroldegian, etxeko zale guztiekin batera.
Txirrindularitzari dagokionez, Emakumeen Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren eta azken etapa Donostian jokatuko da etzi. Bulebarrean hasi eta bukatuko da, eta Donostiako Klasikoaren ibilbidea egingo dute txirrindulariek. Hain zuzen ere, udan antolatu izan den Emakumeen Klasikoa Itzulian sartu dute, aurten ez dutelako egingo. 10:00etan abiatuko dira irteeratik eta 13:00ak inguruan iritsiko dira helmugara.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 30. jardunaldia
- Reala – Alaves (igandea, 12:00)
Gizonezkoen lehen maila, 36. jardunaldia
- Vila-real– Reala (igandea, 19:30)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 24. jardunaldia
- Bera Bera – Lanzarote (larunbata, 18:00)