Igarotako bidearen kronologia bat

Futbolaren eta ikus-entzunezko edukien arteko harremana izango du ardatz

Kodro Meho Kodro Realeko jokalari ohia izango da Korner jaialdiaren gonbidatuetako bat.

Maiatzaren 26tik ekainaren 4era bitarte egingo dute Korner jaialdia. Bosgarrenez, futbola eta kultura uztartuko dituzte, eta gonbidatuen artean daude Leo Harlem, Carlos Marzal, Giancarlo Antognoni, emakumezkoen Reala, Jesus Mari Zamora, Meho Kodro eta Irabazi arte telesaileko aktoreak.

Aurtengo gaiari dagokionez, futbolaren eta ikus-entzunezkoen arteko harremana jorratuko dute. Aldiz, berrikuntza gisa bi atal berri izango ditu jaialdiak: Kirol gonbidatua –beste kirol diziplina batzuk jorratzeko– eta Korner Zone –aisialdirako proposamena, Anoeta estadioan–.

Hona hemen egitaraua, egunez egun:

Maiatzak 26, osteguna

  • Kirol gonbidatua: saskibaloia. (Antzoki Zaharra, 19:00). Antoni Damiel eta Guille Gimenez kirol kazetarien eskutik. NBAko komentarista ezagunek saskibaloiaren AEBetako eta Europako aktualitatea ere aztertuko dute, bere ohiko umoreaz baliatuta. Horrez gain, bi gonbidatu izango dituzte ere, Dario Brizuela, Malagako jokalari gipuzkoarra, eta Azu Muguruza entrenatzailea.

Maiatzak 27, ostirala

  • Leo Harlem. Deja que te cuente bakarrizketa (Antzoki Zaharra, 20:00 – 15/20 euro). Ikuskizunean umoregile ezagunak bere bakarrizketen zatirik onenak bildu ditu 90 minutuko show ezin barregarriagoa eskaintzeko, oraingoan ukitu futbolzaleak txertatuz. Kopa berriak eta egile sukaldaritza, kirola edota herriko jaiak, beste askoren artean, jorratuko ditu Harlemek bere ikuspegi umoretsuarekin.

Maiatzak 30, astelehena

  • We are Champions. Arrakastaren arrazoiak solasaldia (Anoetako areto nagusia, 19:00). Emakumezkoen futbolak garapen handia bizi izan du azkeneko urteetan eta Realaren taldea honen eredugarria da ere. 2004an sortu zenetik, taldeak ibilbide bikaina egin du. Asko dira lan horren ondorioz jasotako fruituak, 2019an irabazitako Kopa bezala, edo aurtengo denboraldi historikoa, Ligako txapeldunorde eta lehen aldiz Txapeldunen Ligarako sailkatuz. Iñigo Dominguezek, Garbiñe Etxeberria kirol zuzendariak, Larraitz Lucas jokalari ohiak eta Maddi Torre jokalariak parte hartuko dute solaskide moduan, eta Maitane Urbieta kazetaria izango da moderatzailea.

Maiatzak 31, asteartea

  • Recuerdos de guerra y futbol elkarrizketa (Anoetako areto nagusia, 19:00). Meho Kodro Realaren golegile handienetako bat da. Mostarreko “kanoia” 1991n iritsi zen klub txuri-urdinera, Balkanetako gerratik ihesi. Urte haiek arrasto sakona utzi zioten bosniar jokalariari. Ander Izagirre idazle eta kazetariak Kodrorekin hitz egingo du, Errusiak Ukraina inbaditu eta Europan tragedia berriro piztu den honetan.

Ekainak 1, asteazkena

  • Italia-Brasil, 1982 solasaldia (Antzoki Zaharra, 19:00). 1982ko uztailaren 5a. Bartzelona, Sarriako estadioa. Italiak eta Brasilek Munduko Kopako finalerdietarako txartela lortu nahi dute. Karioken joko alaia eta sortzailea, azzurrien sendotasun lehiakorraren aurka. 90 minutu haiek italiarren 3 eta 2ko garaipenarekin amaitu ziren (Paolo Rossiren hat-tricka), eta askorentzat futbolaren historiako partida onenetako bat da. Lehia mitiko honen 40. urteurrena betetzear denean, Kornerrek partidaren laburpen zabal batez gozatzeko aukera eskainiko du Antzoki Zaharreko pantailan. Ondoren, Giancarlo Antognoni handiak, Munduko Kopa irabazi zuen Italia hartako erdilariak, Jesus Mari Zamora, Realeko mitoa eta Kopa hartan parte hartutakoa ere, eta futbolaren historia ezagutzen duen Julio Maldonado “Maldini” kirol kazetari eta adituak hitz egingo dute.

Ekainak 2, osteguna

  • Futbola motzean film laburren emanaldia (Antzoki Zaharra, 19:00). Azken 25 urteetako film labur onenen aukeraketa da, futbola protagonista izanik, nahiz eta horietan guztietan beste zerbaiti buruz hitz egiteko balio duen: gerra, desberdintasunak, boterea, ilusioa edo elkartasuna. Hau da, gutaz eta inguratzen gaituen munduaz hitz egiteko. Begoña del Teso kazetariak aurkeztuko du.

Ekainak 3, ostirala

  • Nola grabatzen da Irabazi arte solasaldia (Anoetako Keler gunea, 18:00). Nola grabatzen da Irabazi arte! bezalako telesail bat? Kameren atzean gertatzen diren pasadizo, istorio, barre eta estutasunak azalduko dizkigute Ane Garmendia, Sua Enparantza eta Nahia Sillero aktoreek. Xabi Perez izango da dinamizatzailea.

Ekainak 4, larunbata

  • Cromo FC-ren zuzeneko saioa (Anoetako Keler gunea, 18:00). Jose Ignacio Esteban youtuber ospetsuak, Cromo FC izenaz ezagunak, Realaren zaleen gunea bisitatuko du eta youtubeko bere kanal arrakastatsuan publikoari irekitako saioa eskainiko du. Kromo banaketa, Ernest Lluch Kultur Etxeko Repe daukat erakusketaren bisita gidatua eta sorpresa gehiago familia osoarentzat.
  • Nunca fuimos mas felices elkarrizketa saioa (Txillida Leku, 18:30). Carlos Marzal poeta, futbolari ohi eta futbolari baten aitak, Nunca fuimos más felices liburua argitaratu berri du, prosan idatzitako lan bikaina, futbolerako duen grina erakusten duena. Gainera, bere beste pasio handiarekin, literaturarekin, konektatzen du, eta, are gehiago, bizitzarekin, munduari begira, autobiografiatik ere baduen testuan. Esteban Granero futbolari ohi, adimen artifizialean aditu eta irakurle porrokatuak valentziar idazlearekin hitz egingo du liburuak planteatzen dituen gai ugariei buruz.
HITZAkide HITZAkide