Hitzarmen duin bat lortzeko egingo dute greba Ekialdebuseko langileek
Ekialdebuseko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Gipuzkoa plazan. Lan hitzarmen duin bat eskatzeko greba egingo dute ostegunetik igandera. Langileek nabarmendu dute greba deialdia gehiengoz erabaki dutela. Ostegun arratsaldean, 15:00etatik 00:00etara egingo dute lanuztea. Ostiralean, berriz, grebari 15:00etan emango diote hasiera igandeko 23:59era arte.
“Deialdi hau bat dator Pasaiako Itsas Jaialdiarekin, enpresari eta, bereziki, Gipuzkoako Aldundiari abisu argi eta zehatza bidaltzeko, azken hori baita Ekialdebusek duen emakidaren azken arduraduna”, azaldu dute langileek. “Denbora asko daramagu gutxieneko lan baldintzak biltzen dituen hitzarmen bat negoziatzen. Ordu gehiegi lan egiten ditugu. Lanegunak amaiezinak dira, eta horrek esan nahi du langileen eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan dagoela”.
Eskaeren berri ere eman dute: “Bederatzi ordu baino gutxiagoko lanaldiak nahi ditugu, urtean gutxienez hamazazpi asteburu izatea gure familiekin elkartzeko. Urteko lanaldia murriztu behar dugu gaur egun 1.790 ordutan daukagulako, eta astakeria bat iruditzen zaigu lanaldi zatituak murriztea. Azken batean, lan baldintza duinak nahi ditugu”.
Gipuzkoako Aldundiak garraio publikoaren zerbitzua “alde batera uzten” urte asko daramatzala nabarmendu dute. “Azpikontratatu egiten du eta ez ditu behar beste baliabide ematen. Zerbitzua utzikeriaz kudeatzen du, eta ez du bere gain hartzen gertatzen denaren erantzukizuna. Baina jokabide horrek bere ondorioak ditu, eta hau da horietako bat. Ez dugu onartuko gure lan baldintzak gero eta prekarioagoak izatea, eta enpresari eta Gipuzkoako Aldundiari eskatzen diegu ahalegin guztiak egin ditzatela denborarekin larriagotu baino egingo ez den egoera bat saihesteko”.