Adinekoen egoitza handitzeko botako du frontoia Zorroaga Fundazioak
Donostiako Udalak ez du Zorroagako frontoia babestuko. Ancora elkarteak egindako eskaeraren harira, Eneko Goiak adierazi du eraikina Zorroaga Fundazioarena dela, eta lursail hori behar dutela adinekoen egoitza handitzeko.
“Ez dago babestuta eta hondamen egoeran dago. Fundazioak berak dituen beharrei begiratzen badiegu, ikusten ari gara pandemiaren eraginez, erresidentzien ereduak aldatzen ari direla. Pertsona bakarreko geletara goaz. Horrek, leku gehiago eskatzen du. Zorroagaren asmoa haztea da hori egin ahal izateko, eta hazteko duen aukera bakarra lursail hori da. Nik uste dut, lehentasunak finkatu behar direla,eta Zorroagak duen behar hori bada lehentasuna”, azaldu du alkateak.