GHK-ko zuzendaria inputatu dute, erraustegiak eragindako kutsadurak direla eta
Cesar Gimeno Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) zuzendaria inputatu du Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak Arkaitzerrekan (Zubieta) izan zen isurketengatik. Ingurumen Fiskaltzak zabalduko auzian, Guardia Zibilari beste bi ikerketa egiteko agindu dio epaileak, auzian akusazio partikular gisa aurkeztu den GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.
Guardia Zibilaren orain arteko ikerketak zehaztu du arrainetan kloroalkanoen kantitate handiak aurkitu zituztela, eta horiek oso osagai toxikoak direla. Besteak beste, minbizia sor dezakete gizakiengan. Sustantzia hori 2004tik debekatuta dago Europako Batasunean. GuraSOSen iritziz, toxiko horiek erabili diren tokia errauste planta balitz, epaitegiak zentro horren jarduera geldiaraztea agintzeko aukera izango luke. Epaileak agindu du aurkitzeko non egon den hildako arrain eta aingiretan topatu duten kloroalkano substantzia toxiko eta minbizi eragilearen jatorria.
Bestalde, epaileak agindu du argitzeko zer egoeratan zegoen erraustegia isurketa gertatu zenean, 2020ko maiatzean. Izan ere, GuraSOSek salatu du orduan erraustegia martxan zegoela, baina obrak amaitu gabe eta beharrezko probak egin gabe zeudela. Hortaz, martxan jartzeko baimen faltan ari zen instalazioa, akusazio partikularraren iritziz.
Hainbat inputatu
GuraSOSen arabera, GHKo lehendakari eta Ingurumen Diputatu Jose Ignacio Asensioren “eskuin-eskua da” Gimeno, eta “ate birakarien” adibide dela diote: lehendik, besteak beste, ETSn aritu zelako lanean, Asensio berarekin.
SBE (Steinmuller Bakoc Enrionment) enpresa alemaniarra ere inputatu dutela jakinarazi du GurasSOSek. Erraustegiaren teknologiaren arduraduna zen enpresa hori. Horrekin batera, Boldrochi multinazional italiarra ere inputatu du Donostiako epaitegiak, ikertutako kubetaren instalazioan parte hartu baitzuen. Bestalde, URA agentziako inspektore bat, basozain bat eta GHK-ko proiektuen zuzendaria ere deitu ditu lekuko gisa deklaratzera. 2023ko urtarrilaren amaierara arte luzatuko da instrukzio prozesua.
Maiatzean izandako isurketak
GuraSOS elkarteak joan den azaroan adierazi zuenez, Arkaitzerrekako “hondamendi ekologikoa” proiektuaren garapenean “irregulartasun eta ilegaltasun larri ugari” izan zirelako gertatu zen. Amoniako isurketa iazko maiatzean gertatu zen, Zubietako erraustegitik gertu.
“Istripu bat izan zen, istripu kimiko larri bat, Guardia Zibilaren Ingurumen Unitate Zentraleko (UCOMA) perituen arabera, Zubietako erraustegian, 2020ko maiatzaren 7an, errauskailuko amoni biltegia kargatzeko prozesuan amoniakoa isuri zenean. Baina, ondoren, ez zen istripua izan, baizik eta instalazioaren arduradunen ekintza kontzientea izan zen, amoniakoaren isuriaren aztarnak ezabatzen saiatzeagatik”, azaldu zuen GuraSOSek.
Ehunka arrain hiltzeaz gain, tamaina handiko animaliak ere hil zirela adierazi zuten; zehazki, hamabost ardi. Horrez gain, iazko maiatzekoa ez zen isuri bakarra izan GuraSOSen arabera: “Antzeko zerbait gertatu zen lehenago, 2020ko martxoaren 18an, baina instalazioko arduradunek ezkutatu zuten ere”. Laborategi batek aztertu zuen aingira batek kloroalkano-indize altua zuela jakinarazi dute, “osagai debekatua eta oso kantzerigenoa”. Erraustegiak eragindakoa zela esan zuten Guardia Zibilaren perituek.