Añorgako bidegorriak itxita jarraitzen du
Urtebete luze igaro da Añorgako bidegorria itxi zutenetik luizi arriskuarengatik. Gipuzkoako Aldundiak konpondu behar du, baina ez du pauso zehatzik eman arazoa konpontzeko. Are gehiago, Donostiako Udala da orain arte bidegorriaren inguruko azalpenak eman dituena. Iazko ekaineko osoko bilkuran eman zituen Duñike Agirrezabalaga zinegotzi sozialistak.
Aldundiarekin hitz egin ondoren, Agirrezabalagak adierazi zuen luizia sortu zen eremuan ikerketa tekniko bat egin zutela. Gainera, ondorioen berri ere eman zuen zinegotziak: “Irtenbidea konplexua eta garestia da. Izan ere, pilote txikiz osaturiko pantaila bat jarri beharko dute hamabi metroko sakonerarekin. Horrekin batera, sare bat jarriko dute mendi magala eusteko, eta ingurua txukundu”. Hori dena aurrera eramateko proiektu bat idatzi behar dutela gaineratu, eta gastuaren zenbatekoa ere aurreratu zuen: 150.000 euro. Aldiz, bidegorria berriz irekitzeko eperik ez zuen eman.
Auzotarrek eta eragileek ez dute beste informaziorik jaso aldundiaren partetik. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, lanak oraindik ez dituzte adjudikatu.