70 urtean zinemaldiak emandakoak, ikusgai
70 urte beteko ditu aurten Donostiako Zinemaldiak eta urteurrena ospatzeko erakusketa handi bat inauguratu du gaur Tabakaleran: ‘Imajinatu Zinemaldia’. Erakusketa zinema industriari, komunikabideei, zinema aretoei, hiriari berari eta, urtez urte “aretoak betetzen dituzten ikus-entzuleei egindako omenaldi” moduan irudikatu dute. Tabakalerak Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatua,
Gaurtik irailaren 24ra arte, erakusketak Tabakalerako hainbat gune publikotan banatutako ikus-entzunezko instalazioen bidez Zinemaldiaren historiako gertakari gogoangarriak erakutsiko ditu. Morgancreako Carlos Rodriguez eta Asun Lasarteren kontzeptuaren arabera, “pertsona guztiok protagonista gaituen obra kolektibo” gisa aurkeztu da erakusketa. Morgancrea ekoiztetxea da, hain zuzen, erakusketa horren komisarioa, eta hogei bat pantailaren bidez 150 minututik gorako edukia biltzen duten ehunka bideo erakusten dira bertan.
Erakusketa diseinatu dutenekin batera, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek, Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok hartu dute parte aurkezpenean, erakusketan lagundu duten erakundeen izenean.
Alfonbra gorriak gune ezberdinetara
Tabakalerako bi sarrera nagusietatik erakusketaren guneraino 200 metro alfonbra gorri egongo dira sabaitik zintzilik. Beheko solairuan dagoen instalazioak, alfonbra gorrian, zinema aretoetan eta Zinemaldiaren etapa desberdinetan zehar ibilbide bat egitea proposatzen digu, eta, bestetik, herritarrek erakusketara espresuki bidali dituzten argazkien aukeraketa erakusten du.
Lehen solairuko korridorean Photocall-a osatu dute, 24 x 4 metroko pantaila erraldoi bateko instalazio bidez. Pantaila horren gainean, bost proiektoretatik aldi berean emandako irudiak erreproduzitzen dira. Zinemaldia azken zazpi hamarkadotan bisitatu duten 800 pertsona entzutetsu baino gehiago ikusteko aukera egongo da, besteak beste, Gloria Swanson, Kirk Douglas, Audrey Hepburn, Harrison Ford, Bette Davis, Robin Williams eta Brad Pitt.
Korridorearen atzealdean, gortina batek azken gelarako sarbidea ematen du. Zinea izeneko instalazioa dago bertan, zinema-areto handi gisa sortua. Bertan, pantaila sinkronizatuek Zinemaldiaren historiako une ikonikoenak gogoratzeko aukera ematen dute. Zinemaldiaren une “ahaztezinak” ausaz erakusten dituzten hiru pantaila handi daude: Sophia Loren, Liz Taylor, Bette Davis, Denzel Washington edo Bradley Cooper artisten harrera jendetsuak, John Travolta Kontxa pasealekuan pasieran, Star Wars eta The Mask of Zorro filmen estreinaldiak, Penélope Cruzek U2 taldearen lider Bonoren eskutik Donostia Saria jaso aurretik izan zuen ezustekoa, eta abar.
Haurrentzako tailerrak eta bisita gidatuak
Erakusketaren inguruan, haurrentzako tailerrak antolatu dira asteazken eta ostegun goizetan eta larunbat arratsaldeetan, baita helduentzako bisita gidatuak ere astearte arratsalde eta igande goizetan. Jarduerak doakoak dira eta interesa duten edonork eman dezake izena Zinemaldiaren eta Tabakaleraren webguneen bidez.
Erakusketa egunero egongo da zabalik, astelehenetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.
‘Vive le cinéma’ erakusketa, ostiraletik aurrera
Imajinatu Zinemaldia erakusketa antolatzen laguntzeaz gain, Tabakalera buru-belarri arituko da 70. urteurrenaren bueltan beste erakusketa batekin: ‘Vive le cinéma!’. Datorren ostiralean (hilaren 8an) hasiko da, eta nazioarteko lau zinemagileren instalazio artistikoak erakutsiko ditu: Jia Zhangke, Lemohang Jeremiah Mosese, Isaki Lacuesta eta Dea Kulumbegashvili (azken biak hiru Urrezko Maskorren irabazleak).