Eneko Goiak dio San Martin kaleko bidegorria ez dela hiriko "estuena" eta errei oso bat hartzen duela
San Martin kalearen norabidea aldatu eta behin betiko ireki ondoren, kale berean jarri duten bidegorri zatia bere osotasunean zabaltzea falta da.
Hainbat erabiltzailek ohartarazi dute bidegorria estuegia dela, eta Kalapie elkarteak kritikatu du kalea bidegorria bukatu gabe ireki zutela. Era berean, herritar batzuek adierazi dute taxi eta ibilgailu pribatuek bidegorrian aparkatzen dutela kaleko hoteletara ekipajea eramateko.
Kexa horien inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi du San Martin kaleko bidegorria ez dela hiriko estuena: “Ibilgailuentzako zen errei oso bat okupatzen du. Hirian zehar badaude zabalagoak eta estuagoak diren bidegorriak, eta San Martinekoa ez da estuena”.
Bestalde, Goiak adierazi du bidegorria ez dagoela guztiz margotuta, eta La Perla parean moztuta dagoela. Lanak bukatzean, ibilgailuei bidegorrian aparkatzea galaraziko dietela gaineratu du. “Gertatzen diren egoera horiek saihestu beharko dira, zalantzarik gabe. Bidegorria duen helbururako erabili beharko da”, azaldu du.