Igarotako bidearen kronologia bat

Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko bost neurri onartu ditu udalak ezohiko udalbatzan

Gehiengoz onartu da EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aurkeztutako mozio bateratua, non, besteak beste, Donostia "etxebizitza behar eta eskaera egiaztatuaren eremu" izendatzeko eskatzen zen.

Loiolako erribera etxebizitza (Argazkia: Xalba Ramirez)

Donostiako udalbatzak ia aho batez onartu du EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aurkeztu zuten etxebizitzaren inguruko mozioa, lehen udalbatza monografikoan. PP izan da babestu ez duen alderdi bakarra. Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko bost puntu barnebiltzen zituen mozioak, eta, etxebizitza arazoari irtenbidea ematen ez dion arren, “lehen urrats” moduan ikusten dute bi koalizioek.

Onartu den mozioak ondorengo bost puntuak barnebiltzen ditu: Donostiak etxe kaleratzerik gabeko hiria izatea; etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzea, Eusko Jaurlaritzaren dekretua aplikatuz; Donostia “etxebizitza behar eta eskaera egiaztatuaren eremu” izendatzea; Etxebizitza Prezioen Indizea egitea, auzoz auzo; Parte Zaharraz gain, “erabilera turistikoko jarduerez betetako eremu” gehiago izendatzeko aukera aztertzea.

Osoko bilkuran, EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek alkateari leporatu dio “zerbaitek huts egiten” duela bere hiri ereduan, “gero eta jende gehiagok ezin badu bere bizi proiektua Donostian garatu”. Burutaranek azaldu du gaur egun Donostian babestutako alokairuko etxebizitza baten 20.000 eskatzaile daudela, eta, beraz, “ezinezkoa da arazoari aurre egitea etxebizitza berriak eraikitze hutsarekin”.

Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak Etxebizitzari buruzko Osoko Bilkura Monografikoaren amaieran azpimarratu duenez, “Donostia besteentzako hiri bihurtzea saihestu nahi dugu, eta ez donostiarrentzat”. Osoko Bilkurak, EH Bildurekin batera, mozio honetan aurkeztu dituzten bost puntuak gehiengoz onartu izana positibotzat jo du, baina “arazoa konpontzen ez duten oinarrizko bost neurri baino ez dira, funtsezkoak, baina hasiera bat dira”. Ildo horretan, Aranetak berretsi egin du bere taldeak eskua luzatuta mantendu nahi duela hiri honek duen arazo nagusia konpontzeko lanean jarraitzeko.

PSE-EEren bozeramaile Marisol Garmendiak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi aurpegiratu die neurri horiek ez direla nahikoa: “Zintzoki pentsatzen al duzue mozio honek 9.000 donostiarren etxebizitza arazoa konponduko duela?”. Etxebizitza berriak eraiki behar direla berretsi du Garmendiak, eta bi koalizioek beti ezetz esaten dutela aurpegiratu die. Loiolako kuarteletan etxebizitzak eraikitzeko proiektua babestu behar dela esanez amaitu du hitzartzea.

HITZAkide HITZAkide