Txomiñeneko Ibai parkea eta Lugañene pasealekua lotzeko proiektua onartu du udalak
Txomineko Ibai parkea. (Argazkia: Haritzalde) Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Martuteneko Ibai parkea eta Lugañene 27 pasealekua lotzeko proiektua. 225.538 euroko aurrekontua du proiektuak eta lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute.
Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu du, proiektuari esker Lugañene eta Txominenearen arteko lotura hobetu ahal izango dela. Gainera, proiektuak kontuan hartzen ditu etorkizunean eremuan egingo diren hirigintza garapen berriak – hain zuzen ere, ibai parkeari eragingo ez diotenak –, eta, era berean, Urumeako ibarraren inguruan doan oinezkoentzako zein bizikletentzako ia 7 kilometroko ibilbidea zabaldu eta amaitu ahal izango da.
Bi metro eta erdiko zabalerako bi bidek osatuko dute lotura, oinezkoentzat eta bizikletentzat. Hormigoizko oinarri baten gainean asfaltozko zoladura bat jarriko dute. Eremua zabalera aldakorreko bide batetik igarotzen da. Haren muturretako bat Lugañene inguruan dago –zehazki, 27 Industrialdera sartzeko biribilgunea eta Martutene pasealekua lotzen dituen lotunearen adarraren espaloia–, eta beste muturra Urumea ibaira isurtzen den erreka bat gurutzatzen duen pasabidearen estribuan dago.
Ibilbidean zehar, zabalgunea igarotzen da, eta bertatik sartzen da Donostia Arraun Lagunaken instalazioetara. Era berean, baso txiki bat dago, eta, bertan, tamaina handiko eta nolabaiteko ingurumen balioa duten zuhaitz batzuk daude.

