Gaur hasiko da Donostiako 57. Jazzaldia, bi kontzerturekin
Gaur hasiko da 57. Jazzaldia. Azken bi urteetan neurri zorrotzekin ospatu den jaialdia, normaltasun osoz itzuliko da hirira, hainbat berritasunekin, gainera. Bi kontzertu izango dira gaur.
Lehena, Chillida Lekun, 19:00etan, Vadim Neselovskyi pianista ukrainarra arituko da. Kontzertu solidario honetan etekinak Txernobil Elkartearentzat izango dira, ukrainar herriaren alde.
Bigarrena, 21:30ean, Zurriola hondartzan Simple Minds talde eskoziarra arituko da. Jim Kerr buru duen talde eskoziarraren lehen diskoak, Life In A Dayk, 40 urte bete zituen 2019an. Ospatzeko, bilduma disko bat argitaratu zuten, 40: The Best of 1979-2019, eta a priori munduko bira luze-luze bat izango zenari ekin zioten. Zoritxarrez, ditxosozko pandemiak geldiarazi egin zuen bira. Eskoziarrek amore ez ematea erabaki zuten, eta, hasierako asmoei eutsiz, jarraitzaile guztiekin batera ospatzeko gogoz itzuli dira, uste baino pixka bat beranduago bada ere. Ospatzeko asmo horrekin datoz Jazzaldira, zalantzarik gabe berealdiko kontzertu bat eskaintzera.
Arrakasta handienak 80ko hamarkadan lortu zituen; lehenengo postuak Britainia Handian, Estatu Batuetan, Alemanian, Frantzian, Italian eta Espainian. Besteren artean, Don’t You (Forget About Me), Alive and Kicking edo Mandela Day abesti arrakastatsuek eta New Gold Dream (81-82-83-84) (1982) eta Sparkle in the Rain (1984) diskoek pop-rockaren gailurrera eraman zuten Simple Minds; 60 milioi disko baino gehiago saldu eta mundu osoko estadioak bete zituzten.
Hondartzan kokatua dagoen agertokian, bederatzi kontzertu egingo dira eta guztiak izango dira doakoak.

