Ethio-jazzak eta R&Bak hartuko dute Zurriola hondartza iluntzean
Mulatu Astatke & The Black Jesus Experience Gaur hasiko da Jazzaldiko lehen egun handia, atzoko Txillida Lekuko irekiera eta Zurriolako Simple Mindsen kontzertuen ondoren. Goizetik hasita arituko dira hiriko gune ezberdinetan ondorengo artistak: Vadim Neselovskyi, Oreka TX, Chico Pérez, Calexico, Nat Simons, Atrisma, Sharon Clark, Broken Brothers Brass Band, Mulatu Astatke, The International Classic Jazz All Stars, Carla Sevilla 5tet eta Curtis Harding
Mulatu Astatke-ren Etiopiako jazza da Jazzaldi honetako plater gozoenetako bat. Iaz, konfirmatuta bazegoen ere, COVIDa zela eta ez zela, ezin izan zuen etorri, hegaldi eta bisatuen ondorioz –berdina gertatu zen Arlo Parks kantari zoragarriarekin–. Astatkek bibrafonoa du instrumentu nagusi, eta Afrikako abangoardia ekarriko du Zurriola hondartzara, musikari harriagarriekin: James Arben (saxoa), Byron Wallen (tronpeta), Danny Keane (txeloa), Ben Brown (bateria), John Edwards (kontrabaxua), Richard Olatunde Baker (perkusioa).
Mulatu Astatke: 2022/07/21. Agertokia: KELER GUNEA. Ordua: 20:45. Prezioa: SARRERA DOAN
Ez da urrutitik etorri behar Jazzaldian garrantzia izateko. Iruñetik, eta Nafar hegoaldetik dator jada Jazzaldiko kaleak astintzen abilak diren Broken Brother Brass Band. Azken urteetan sona handiagoa hartzen ari den taldea Garberan arituko da. Hain zuzen Garberan kontzertuak egitea izango da aurtengo berrikuntzetako bat. Horra goraino igotzeak nagia ematen badizu, lasai hartu: Donostiako Piraten Aste Nagusian joko baitu brass bandak.
Broken Brothers Brass Band: 2022/07/21. Agertokia: GARBERA. Ordua: 20:00. Prezioa: SARRERA DOAN
Curstis Harding, talentu handiko abeslari, konpositore eta multinstrumentistak, soul eta R&B klasikoen soinua eta sentimendu sakona jasotzeaz gain, aire freskoa, dio eszena horri, eta rock indieari eta garageari gehiago dagokien jarreraz blaitzen du. Bere musikak ondo daki soula uztartzen, R&Ba, gospela, psikodelia, hip-hopa, rocka eta poparekin.
2022/07/21. Agertokia: KELER GUNEA. Ordua: 23:30. Prezioa: SARRERA DOAN


