Realak atzeko lerroa blindatu du
Robin Le Normand atzelari frantziarrak kontratua berritu du talde txuri-urdinarekin
(Argazkia: Reala) Datorren denboraldiari eta etorkizunari begira lanean ari da Reala. Fitxaketekin batera, jokalari erabakigarriak epe luzerako lotzen ari da talde txuri-urdina. Horrela, Robin Le Normand atzelariaren kontratua 2025-2026 sasoi bukaera bitarte berritu dute.
“Ezinbesteko pieza bihurtu da”, dio Realak: “Taldera zaratarik egin gabe iritsi zen, eta denbora gutxian atzealdean tokia eginez joan zen, gaur egun erdiko atzelari bikaina bihurtu arte. Lehen taldean denbora gehiegi ez daramala dirudien arren, atzelari frantziarrak 137 partida jokatu ditu jada elastiko txuri urdinarekin. 25 urterekin sekulako garapena du aurretik eta, taldearen eskutik, ilusioz eta anbizioz betetako denboraldiari ekingo dio. Lehiakortasunak, kontzentrazioak eta espiritu defendatzaileak panoramako defentsarik onenetako bat egiten dute. Pozten gara beste urte askotarako gurekin jarraitzeaz”.

