Esku pilota jaialdia antolatu dute lehenengoz Zubietan
Santioak bihar hasi eta uztailaren 31n amaituko dira, San Ignazio egunez. Pandemiaren ostean, jaiak "fundamentuz" egitera itzuliko dira aurten, eta askotariko ekitaldiak antolatu dituzte horretarako. Egitarauak aurreko urteetakoen antza badu ere, berritasunak ere badituela azaldu du Unai Azpirozek, jai batzordeko kideak.
Zubietako bizilagunak mozorrotuta, jaietako txupinazoan, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Nerea Lizarralde) Zubietako santioak bihar, uztailak 23, hasiko dira eta uztailaren 31ra arte iraungo dute. Pandemian zehar ofizialki antolatu ezinda egon badira ere, egin izan dituzte hainbat jarduera. Aurten, berriro ere, benetako jaiak antolatu dituztela azaldu du Unai Azpirozek, jai batzordeko kideak.
“Urte hasieran hasten gara jai batzordeko kideok gauzak antolatzeko taldeak lotzen”, adierazi du Azpirozek. Zubietarrak “festarako gogoz” daudela aitortu du: “Azken bi urteetan egin genitzakeen jarduera batzuk antolatu ditugu; besteak beste, kontzertutxo batzuk, publikoak eserita egon behar zuen arren. Aurten, ordea, festak fundamentuz egiteko asmoa dugu”.
Egitarau zabala prestatu dute, haurrentzat, gazteentzat nahiz helduentzat; izan ere, ia egun bakoitza norbaiti eskainita dago. Uztailaren 24a jubilatuen eguna izango da, 25a Santiago eguna, 26a oilasko biltzaile eguna, 29a umeen eguna, 30a gaupasa eguna, eta, 31n emango diete jaiei bukaera, San Ignazio egunarekin. “Jarduera batzuk urtero errepikatzen ditugu. Jubilatuen bazkaria, herri afaria, buruhandiak, oilasko biltzaileak eta haurren jolasak, adibidez, urtero egiten dira”, azaldu du.
Egitaraua nahiko “sistematikoki” prestatzen dutela nabarmendu du, baina, adi, berrikuntzak ere baditu eta Zubietako jaien egitarauak.
Pilota jaialdia
Egitarauari erreparatuz gero, uztailaren 27an, asteazkenean, gauza bakarra antolatu dutela ikusiko dugu. Baina ez da edonolako ekitaldia, lehenengo aldiz pilota jaialdi bat egingo baitute santioetan.
“Normalean Joko Garbiko eta erreboteko partidak antolatzen ditugu, baina aurten esku pilota partidak egitea erabaki dugu. Añorgako Iker Urmeneta eta Oinatz Bengoetxea pilotariak izango ditugu Zubietan, besteak beste, profesionalek jokatuko duten partidan. Aurretik beste partida bat ere egingo dute, beraz, giro ederrean ospatuko dugu jaietako egun hori”, nabarmendu du.
Urmeneta laguna omen dute jai batzordekoek, eta pilotariak berak proposatu zien partida antolatzearena: “Urmenetak galdetu zigun ea festetan partidaren bat egin nahi genuen. Bengoetxeak pilotari profesional gisa jokatzea utzi du, eta egoera baliatu nahi zuen, Zubietako festetan jokatzeko aukera izateko. Tartean, Mikel Goñi pilotaria etortzeko ere komentatu genuen, baina azkenean soilik Bengoetxea ekartzea pentsatu dugu”.
Zubietar guztiak “pilotazaleak” direla adierazi du Azpirozek, eta antolatu duten jaialdiak arrakasta izango duela uste du.
Kontuan izan behar da, baita ere, jaietan egingo dituzten jarduera batzuetarako txartelak salgai jarri dituztela. Esate baterako, zikiro jaterako txartelak uztailaren 26ra arte egongo dira salgai Alamandegin. Herri afarikoak, aldiz, atzo arte aritu ziren saltzen. “Herri afarian beti izaten gara 120-130 pertsona inguru. Eta zikiro janean ere antzeko zerbait izaten da. Azken finean, bi hitzordu horiek oso garrantzitsuak izaten dira Zubietako bizilagunentzat. Egia esan, zikiro janera kanpoko jendea ere etortzen da”, gaineratu du Azpirozek.
Pilota jaialdirako sarrerak uztailaren 14an eta 18an jarri zituzten salgai Kaxkapen, baina antolatzaileek jakinarazi dute egunean bertan ere sarrera gutxi batzuk egongo direla salgai 17:00etatik aurrera.

