Marisol Garmendiak ere alkate izan nahi du
Hautsak harrotu ditu Odon Elorzak, PSE-EEko hautagaia izango dela iragarri duenean. Hogei urtez izan zen hiriko alkate Elorza, Juan Karlos Izagirrek boteretik kendu zuen arte eta ordutik, Espainiako kongresuko diputatu lanetan zebilen, hiriko politikatik urrun. Bere itzulerak, beraz, hankaz gora jarri du orain arte Donostiako PSE-EEk zuen eskema.
Saltsa honetan, Marisol Garmendiak –egungo PSE-EEren bozeramaileak, hain zuzen–, berak ere alkate izan nahi duela esan du sare sozialetan. Gauzak horrela, Donostiako PSE-EEko kideek bi agintari beteranoen artean aukeratu beharko dute, urriaren 8an egingo den barne mailako prozesuan.
Garmendiak Donostiako lehenengo emakumezko alkatea izan nahi duela esan du, eta aldarrikatu du hiriak “lidergo sozialista berri, berritu eta indartsu” bat behar duela. “Donostiak berriz ere dir-dir” egin behar duela uste du Garmendiak, egungo duen “manta grisa” gainetik kenduz.
Sozialisten artean “harridura” nagusitu da, eta datozen egunetan ikusiko da zeinek izan dezakeen babes handiena. Posizionatzen lehena, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatua izan da, Garmendiaren aldeko mezua zabalduz: Donostiak etorkizunera bideratu behar ditu bere pausu eta proiektuak. Eskerrik asko Marisol Garmendia urrats hau egiteagatik. Aurrera!”