Igarotako bidearen kronologia bat

1813ko sarraskia oroitu dute, gerra antzeztuz

(Argazkia: Xalba Ramirez)

1813ko Donostiako sarraskiaren urteurrenean, hainbat ekitaldi egin dira egun osoan zehar. Arratsaldekoa izan da ekitaldirik jendetsuena, ia bakarrik gizonezkoek osatutako danborradek bulebarreko kioskoan jo dutenean eta minutu bateko isilunea egin denean. Horren ostean, sarraskian hildako donostiarrak izan dituzte gogoan.

Zazpietan ‘Sutan’ fikziozko film laburra ere proiektatu zen San Jeronimoko aretoan eta ondoren mahai inguru bat egin zen Naia Arantzameni zuzendari eta gidoilariarekin eta beste gonbidatu batzuekin.

Ekitaldiaren ostean, Bretxako antzezpen historikoa izan zen, Urgull Historico elkartearen eskutik. Taldeek modu ikusgarrian birsortu zuten soldaduen arteko guda, benetakoak ziruditen tiro hotsekin; herritarrak eta turistak zaratarekin harrituta. Tropa ingelesek zeramaten kanoia izan zen zarata –eta susto– gehien sorrarazten zituenak.

Antzerkiaren parte izan ziren hildako soldaduak, lurrera botatzen zirenean publikoaren barreak sorraraziz. Bretxako sarrera egin ostean, Parte Zaharreko kaleetan zehar ibili ziren soldaduak, tiroen harrabotsarekin. Konstituzio Plazatik Santa Maria elizara, handik Trinitate plazara eta, azkenik, Zuloagan, azken bataila. Bertan irudikatu zuten Donostiari sutea eman zioten unea, eta, itxuraz, herritarren kontra egindako sarraskia.

Eguna amaitzeko, hiriko hainbat elizatan kanpaiak jo ondoren, argiak itzali eta kandelak piztu ziren Abuztuaren 31 kalean. Ohikoa denez, zuzien argitan, paseoa egin zen San Bizente ataritik, Donostiako Antzinako Himnoaren doinuan, Easo Santa Cecilia eta Gaztelupe Abesbatzako Aroz Gaztea abesbatzen eskutik eta Udal Txistulari Bandak lagunduta.

Erlazionatutako edukia1813 edo gerra espektakulu bihurtzea
HITZAkide HITZAkide