Hiri antolamenduaren berrikuspena hizpide
Abiatu da 14. Zinemaldi Alternatiboa, hainbat nobedaderekin. Hilaren 25era bitarte, filmak eta dokumentalak proiektatuko dituzte hiriko hainbat auzotan.
‘Kasilda, beste pausuen oihartzuna’ dokumentalaren pasarte bat. Kalean, hiriko gaztetxeetan eta, lehen aldiz, EHUko Arkitektura Fakultatean ikusi ahal izango dira 14. Zinemaldi Alternatiboak hautaturiko filmak eta dokumentalak. Atzo hasi zen, eta hilaren 25era bitarte iraungo du. Hau da, Zinemaldia baino egun bat lehenago abiatu, eta egun bat beranduago bukatuko da.
EHUko emanaldiak izango dira nobedadeetako bat, eta horrek azalpen bat duela adierazi dute antolatzaileek: «Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua hasi du. Plan Orokorrak hiri eredu jakinen ispilu dira, eta dagoeneko abian den prozesua hiri gisa zer behar dugun pentsatzeko aukera paregabea da. Gutxi batzuen negozioa beharrean, herritarron bizitza babestuko duen hiria elkarrekin hausnartzeko aukera paregabea, azken batean».
Horiek horrela, Zinemaldi Alternatiboak hiri antolamenduaren berrikuspenaren inguruko gogoeta sustatu nahi du: «Arkitektura eskolan, zein beste plaza batzuetan (Añorgan eta Trinitate enparantzan, besteak beste), hiri ereduari eta hiri gatazkei buruzko ikus entzunezkoak proiektatuko ditugu. Proiekzioaren ondoren, ikusitakoarekin nahiz HAPOrekin lotura duten gaietan dabiltzan lagunekin solasaldiak izango dira».
Bestelako gaiak eta aferak ere landuko ditu Zinemaldi Alternatiboak. Esaterako, Poloniako kartzelan duten Pablo Gonzalez kazetariaren askatasuna eskatzeko baliatuko dute Vivir la guerra dokumentala. Bere emazte Oihana Goiriena hilaren 18ko proiekzio osteko solasaldian izango da.
Horrez gain, Intxaurrondon, Letaman gaztetxeko terrazan, Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? dokumentala emango dute, hilaren 24an. Estreinaldi bat ere egongo da. Azken egunean, hilaren 25ean, Kasilda, beste pausuen oihartzuna lana proiektatuko dute Egiako Kristinaenea parkean. Juan Felipe, Ruben Marcilla eta Unai Otegi dira egileak.
Pantaila eta proiektore berria
Maiatzean crowdfunding kanpaina bat egin zuten pantaila eta proiektore berri bana erosteko. «Emaitza aurten ikusiko da, eta ziur gaude aurten are eta gehiago gozatuko dugula zinemaz kalean, non eta herritarrok kaletik bota nahi gaituztela dirudien Donostia honetan. Zinema kalera ateratzea estrategikoki erabaki genuenetik, gero eta auzo gehiagotara heltzen jarraitzen dugu», diote antolatzaileek. Aurten, Ibaetan, Añorgan, Antiguan, Parte Zaharrean, Intxaurrondon, Grosen eta Egian egingo dituzte emanaldiak.
Iaz, guztira, 300 bat ikus-entzulek jarraitu zuten Zinemaldi Alternatiboa. «Aurten ere guztiak gonbidatuta zaudete», nabarmendu dute.
Egitaraua:
- Irailak 16, ostirala. En Construcción dokumentala (20:00, Añorgako Harrobiaren plazan).
- Irailak 17, larunbata. En la calle dokumentala (20:00, Parte Zaharreko Trinitate plazan).
- Irailak 18, igandea. Free Pablo Gonzalez – Vivir la guerra dokumentala (20:00, Antiguako Txantxarreko gaztetxean).
- Irailak 20, asteartea. De interés general. Un barrio por un parque dokumentala (18:00, EHUko Arkitektura Fakultatean).
- Irailak 21, asteazkena. Belarri bero, bai esan? telesaila (20:00, Sagueseko frontoian).
- Irailak 24, larunbata. Non dago Mikel? dokumentala (20:00, Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko terrazan).
- Irailak 25, igandea. Kasilda, beste pausuen oihartzuna dokumentalaren estreinaldia (20:00, Egiako Gladys Enea parkean).

