Intxaurrondon "hirigintzako arrakasta kolpe bat" ematea egotzi diote Elizari
Luxuzko hamabost etxebizitza, padel pista eta igerilekua eraikiko dituzte Intxaurrondo kaleko 28. eta 36. zenbakien arteko lursailean. Ama Salesak ziren lursail zabalaren jabeak, baina han dagoen komentua hutsik geratu zenean, saldu egin zuten. Hirigintza proiektu honi buruz ariko dira datorren asteko osoko bilkuran. Horren harira, Kaleratzeak Stop, Alokairu Bentaberri eta Azorako Maizterrak plataformek oharra plazaratu dute proiektua salatzeko.
Elizari egotzi diote Intxaurrondon “hirigintzako arrakasta kolpe bat” ematea: “Lotsagarria da elizak Donostian erabiltzen ez diren eraikinak edo higiezinak bizitegi erabilerako etxebizitzetarako arrazoizko prezioetan erabili beharrean, alokairu sozialeko etxebizitzetarako adibidez, bere doktrinarekin fidela eta koherentea bada egin beharko lukeen bezala, Blackstone eta Azora gisako putre funts baten antzera jokatzea”.
Azken urteotan, Elizak bere jabetzekin espekulatzen jarraitu duela gaineratu dute. “Gainera, horien OHZ –Ondasun Higiezinen Zerga– ordaintzetik salbuetsita dago. Izan ere, bai apezpikutzak, bai beste ordena erlijioso batzuek, hotelak eta etxe turistikoak eraikitzeko komentuak eta eskolak inbertsio funts handiei saldu dizkiete, Donostiako turismoaren espekulazio negozioarekin bat eginez, bizitegi-erabilera ukatuz, bere doktrinarekin kontraesanean. Hotelak eta apartamentu turistikoak soberan dituen hiri honek alokairu eta salmenta prezio eskuragarriak behar ditu”.
Hiru plataformak hirigintza plan honen onarpenari jarraipena egingo diotela iragarri dute.