Bitik bi irabazi ditu Realak
Realeko neskak gol bat ospatzen, Aieteko zelaian. (Argazkia: Reala) Etxeko lanak ondo baino hobeto egiten ari da Realaren belar hockey taldea. Lehen jardunaldian Terrassa gainditu ondoren, atzo goizean Complutense ere mendean hartu zuten (4-2), Bera Berako zelaian. Galtzen hasi arren, markagailua irauli zuten txuri-urdinek Maider Altunaren eta Giuliana Ruggieriren gol banarekin, eta Luciana Molinaren bi golekin. Datorren asteburuan Madrilen jokatuko dute Pozueloren kontra.
Izotz hockeyan, berriz, Txuri Urdinek ez zuen etxeko denboraldi hasierako festa borobiltzerik izan. Mutilek galdu egin zuten larunbat gauean Puigcerdaren kontra (5-7), eta neskek ezin izan zuten atzo lehen partida irabazi. Donostiako izotz jauregian gol bakarreko aldearekin galdu zuten Valdemororen aurka (0-1). Egungo txapeldunek aldaketa asko izan dituzte taldean, eta denbora beharko dute lehiari neurria hartzeko.
Futbolean, Realeko mutilek bost gol egin behar izan zituzten atzo Gironako hiru puntuak Donostiara ekartzeko. Bi aldiz irauli zuten markagailua, atzean egindako akatsengatik maldan gora jarri zitzaielako neurketa. Izan ere, bigarren zati hasieran 3-2 aurretik jarri zen Girona, baina txuri-urdinak gai izan ziren beste hiru gol egiteko. Sorloth aurrelari norvegiarrak bi egin zituen, eta Braisek, Kubok eta Zubimendik bana. Garaipen honi esker, Europako postuetan da Reala 13 punturekin.
Bestalde, Realeko neskek urrezko puntua eskuratu zuten atzo Sevillaren zelaian (2-2). Azken minutuetan bi golei esker eskuratu zuten saria. Andaluziarrek bi goleko errenta lortu arren, txuri-urdinek ez zuten etsi. Nerea Eizagirre kapitainak egin zuen lehen gola, ohikoa duen moduan, urrutitik egindako jaurtiketa eder bati esker. Aldiz, luzapenean Gabriela Garciak egin zuen berdinketaren gola. Hiru jardunaldiren ondoren, sailkapeneko zazpigarren postuan daude 5 punturekin, eta partidarik galdu gabe.
EMAITZAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Reala 4 – Complutense 2
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Txuri Urdin 5 – Puigcerda 7
Emakumeen lehen maila, 2. jardunaldia
- Txuri Urdin 0 – Valdemoro 1
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Girona 3 – Reala 5
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Sevilla 2 – Reala 2

