Asier Azpiroz finalerdira igaro da "foto-finish"-ean sudurra dotore luzatuta
Atzoko Lizarrako saioa izan da Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final-laurdena. Eta aldez aurretik jakina zen giroa; sailkapena jokoan, nor pasa eta nor ez erabaki behar zen. Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz, Azpi, donostiarrek ere bertan jokatzen zuten sailkapena. Asier Azpiroz sailkatu da, 666 punturekin saio polita eskainiz. Gaztelumendiri, ordea, lehiaketak ihes egin dio, saio gorabeheratsua egin ostean. Aitor Bizkarra abadiñarra izan da garaile saioan, une oro bertsokideengandik nabarmenduz.
Añorgako bertsolariek joan den asteko elkarrizketan aipatu moduan, beren asmoak ondo azaldu dituzte hasierako agurrean: “Txapelketako dekoratuan plaza” sartzeko ahalegina egiteko borondatea, eta “matematikarik ez” egiteko deia. Natural aritu dira, euren egunerokotik gertu, eta hizkuntza lurtarrean bai Gaztelumendi eta baita Azpi ere.
Laborariarena egin du Azpik lehen zortziko handian, Imanol Uriarekin batera, aitonaren soroan eguzki plakarik jarri nahi ez duenaren paperean: Eguzki plakak saltzen dituzte/ekologiaren izenean/pentsatu ezazu zer dagoen negozio horren atzean.
Gaztelumendik autoa partekatu nahi ez duen beharginaren izenean aritu da. Ondo eramaten hasi zen, haurren zaintzagatik denborarik ez duen aitaren azalean: Beti berandu ibiltzekotan / nahiago ni bakarrik izan. Hirugarren bertsoko azken puntuan irristatu egin da Añorgakoa, eta saiora ganoraz itzultzea kostatu zaio ostean.
8ko eta 10eko txikia
Azpirozek zortziko txiki hoberena egin du, 136,5 puntu lortuta. Mantzizidorrekin batera 1,5 euroko paga jasotzen duen 30 urteko ilobarena egin du. Ondo eraman du soldata eta pentsioaren arrakalara, baita belaunaldi eta garai aldaketara hausnarketa eginez ere: Nere adinerako lau ume zenituen.
Gaztelumendi Bizkarrarekin aritu da berak botatako jertsea bigarren eskuko dendan erosi duen aita-semearen rolean. Umorera eramaten saiatu diren arren (nigandik jaso duzu nire gustu txarra), ez dute elkarrizketa nahikoa borobildu biek ala biek.
10eko txikian gora egin du nabarmen Gaztelumendik, militantziari buruzko gogoetak partekatuz Maialen Akizurekin. Hemen bai elkar lagundu dutela bertsokideek, eta Akizuk ere gora egin du –betik gorako saio polita egin du urretxuarrak, ganbara dotorearekin, itxurazko potoak txapelketatik kanpo utzi duen arren, Kendu daukadan errena /Ahaztu zait nire herrena poto moduan puntuatu zuten epaileek –. Azpiroz Bizkarrarekin aritu da, eskola berean lan egiten duten bikote harremanaz gogoetan. “Utzi eskolakoak eta gurea zuzendu”-rekin amaitu du Bizkarrak bien arteko harremana.
Ganbara saioan, biak fin
Ganbarako saioko gaia, gai mardul horietako bat izan da: “Zure egoera orain arte ezkutuan eraman duzu, gaur laguntza eskatu beharrean zaude”. Azpirozek hamar urteren ostean apurtu den bikote harreman bat ekarri zuen oholtzara, naturaltasun ederrean. Gauez lo egin ezin / depresioaren tartea /ezinezkoa de beti/ indartsua izatea.
Bigarren bertsoan, gizon batentzat psikologora joan beharrak suposatzen duen kontraesana ederki laburbildu du: ta bera aspertu egin da / nola ez da izango ba/ gizonok planta gogorra / horixe dugu droga (…)/ te derrigorrez joan / behar dut psikologora / berriz atera nahi baitut / nire burua hor kanpora. Amaiera ere, dotorea eman dio hirugarren bertsoari: Lehen pausoa hemendik / nahiz ta nagoen nahasita/ ta orain osatuko naiz / baina zatika-zatika.
Gaztelumendik bere bertsorik eleganteenak bota ditu ganbarakoan, dirurik gabe dabilen autonomoaren azalean. Bigarren bertsoaldia izan da borobilena: Bizitza garesti dago / ta ni pobrea ordaina / egoerak hartua dit / aspaldi honetan gaina / aitari eskatu diot / hil(e) hau pasatzeko a(d)ina / berak ere sobran ez du / gehiegi izango baina.
Datorren zita, urriaren 29an
Sasioaren amaieran, Gaztelumendik kantuan jarraitzeko gogoz dagoela adierazi du, “deitzeko” gonbita luzatuz. Azpik ere agur bertso ederra bota du, photo finish-ean sudurra luzatu duela aitortuz. Izan ere, azken aurreko sailkatua izan da Azpiroz –txapelketa nagusian lehen aldiz parte hartzen–, eta datorren urriren 29an arituko da Donibane Garazin (Behenafarroa) ondorengo bertsolariekin: Aitor Etxeberriazarraga, Amets Arzallus, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.
Aretotik ateratzean Añorgako bertsozale kuadrillarengana hurbildu eta saioa nola ikusi duten galdetuta “alegrantzia erdia” dutela aitortu dute, “pozik Azpigatik, triste Unairengatik”. Alegrantziak bi herenekoak beharko luke, Beñat Gaztelumendi hor egongo delako ere, azaroaren 12an Durangoko saioan. Edonola ere, jada hasi dira Añorgako zaleak baterako eta besterako sarrerak erosten.