Beldurrola, beldurrezko rol jokoak euskaraz
Rolariak kolektiboak Beldurrola jardunaldiak egingo ditu hilaren 20tik 23ra. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. astearekin lankidetzan antolatu dituzte, eta euskarazko rol partidak egingo dituzte. Hilaren 20an eta 21ean Egiako kultur etxean elkartuko dira, eta hilaren 22an eta 23an Egiako Ebla liburu dendan.
“Rol jokoak istorioak elkarlanean sortzeko mahai jokoak dira. Jokalariek pertsonaia batzuen papera hartuko dute eta beldurrezko abentura bat osatuko dute gidariaren laguntzarekin. Jokatzeko behar den gauza bakarra mahai baten inguruan esertzea eta papera, arkatza eta dado batzuk eskura izatea da!”, azaldu dute antolatzaileek.
IRUTXULOKO HITZAk Eneko Sanchez antolatzaileetako bat elkarrizketatu zuen. Ebla liburu dendako arduraduna ere bada. Beldurrola jardunaldien inguruan galdetuta, ondorengoa erantzun zuen: “Hamaika partida antolatu ditugu lau egunetarako, eta, gutxi gorabehera, 70 pertsonak jokatzeko lekua izango da. Partida gehienen gaia beldurra izango da, baina fantasiazko partidak ere izango dira. Doakoa da, eta edozein adineko jendea animatzen dugu parte hartzera”.
Partidak bi eta hiru ordu ingurukoak izan ohi dira, eta 3-5 jokalarientzat. Izena emateko Rolariak.eus webgunean sartu behar da.